Bederatzitik hiru alkate, udal hauteskundeetara

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urt. 16a, 12:15

Badabiltza, poliki-poliki, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak jakinarazten: Gorka Artola, Izaro Elorza eta Maria Ubarretxena alkategai izango dira berriz; ez, ordea, orain arteko gainontzeko herrietako alkateak.

Hauteskunde urtea izango da oraingoa. Maiatzaren 28an egingo dira udal eta foru hauteskundeak EAEn eta Nafarroan eta urtea bukatu arretik egingo dira Espainiako hauteskunde orokorrak ere. Maiatzaren 28an, gainera, udal eta foru hauteskundeekin batera, Espainian udaletako eta erkidegoetako hauteskundeak egingo dituzte. Egun horretara begirako kanpaina maiatzaren 12an hasiko da, 00:00etan, eta hil horretako 27an bukatuko da, ordu berean. Maiatzaren 27a gogoeta eguna izango da eta hurrengo egunean zabalduko dituzte hautestontziak, goizeko bederatzietan.

Debagoienean, poliki-poliki, ari dira alderdi politikoak egun horretara begirako euren asmoak jakinarazten. Dagoeneko jakina da Debagoieneko bederatzi alkatetatik hiruk aurkeztuko dutela euren burua maiatzeko hauteskundeetara begira alkategai izateko. Arrasateko Maria Ubarretxena (EAJ-PNV), Bergarako Gorka Artola (EH Bildu) eta Oñatiko Izaro Elorza (EH Bildu) dira horiek. Gainontzekoak, Antzuolako Beñardo Kortabarria (EH Bildu), Aretxabaletako Unai Elkoro (EAJ-PNV), Eskoriatzako Joserra Zubizarreta (EAJ-PNV), Elgetako Iraitz Lazkano (EH Bildu) eta Aramaioko Lierni Altuna (EH Bildu), ez dira zerrendaburu izango. Leintz Gatzagan ere ez du jarraituko Eugenio Otsoak. Aurreko agintaldian hautesle elkartea osatzeko arazoak izan zituzten herrian eta hauteskundeak sei hilabetera egin behar izan zituzten.

Lanketen unea alderdietan

Gainerakoan, hitzordurako bost hilabeteren faltan, alderdi politikoak zerrendak osatzeko lanetan ari dira buru-belarri. Hori da, esaterako, EH Bilduren kasua. Bergaran Gorka Artolaz eta Oñatin Izaro Elorzaz gain, gaur, astelehena, jakinarazi du Arrasateko EH Bilduko Mahai Politikoak Maider Morras Azpiazu proposatu duela alkategai izateko. Bestelako hautagairik aurkeztu ezean, otsail hasieran berretsiko du proposamena militantziak. Beste herrietan zerrendak osatzeko lanketak egiten ari dira une honetan.

Ez dute egoera desberdina EAJ-PNVn. Azaldu dutenaren arabera, herri guztietan taldea osatzeko prozesuan dabiltza buru-belarri. Aurreratu moduan, Maria Ubarretxena da EAJtik hautagaitza aurkeztuko duen Debagoieneko alkate bakarra eta, gaur-gaurkoz, EAJko alkategaien inguruan dagoen informazio bakarra.

PSE-EEren kasuan, Arrasaten Aritz Muruaren hautagaitzaren berri eman dute. Gainerakoan, lanean ari direla eta asmoa dutela hautagai-zerrendak herri gehienetan aurkeztekoa. 2019ko hauteskundeetan, Leintz Gatzagan izan ezik, beste herri guztietan aurkeztu zuten sozialistek taldea.

Ezker Anitza eta Podemos koalizio gisa aurkeztuko dira Gipuzkoan. Eta modu horretan egin nahi dute Eskoriatzan, Bergaran eta Aretxabaletan ere, Ezker Anitzako Juan Luis Merinok aurreratu duenez. Nabarmendu du, baina, Arrasaten ez direla elkarrekin aurkeztuko. Podemosek, gainera, gaur egungo zinegotzi Eva Abuin aurkeztu du Arrasaten alkategai.

Alderdi Popularrak aurreratu du Oñatin zerrenda aurkeztuko duela. Gehitu du, oraindik hautagaiaren izenik zehaztu ez badute ere "lehenengo postuak Oñatirekin modu batera edo bestera lotura duten pertsonek beteko dituztela". 2019an, Aramaion eta Aretxabaletan osatu zuten zerrenda popularrek.

Alderdi politikoez haragoko taldeei dagokienez, Eskoriatzako Elizateen Elkarteak zerrenda aurkezteko asmoa du herrian. Orain arteko bozeramaile Leire San Vicentek ez du jarraituko. Leintz Gatzagan, aldiz, "beltz" ikusten du kontua zinegotzi Juanito Bengoak. Aurrekariak ere ez dira pozteko modukoak; izan ere, udal hauteskundeak egin eta sei hilabetera egin behar izan zituzten hauteskundeak herrian, hautesle talderik osatu ez zelako. Aurtengo hitzordurako ere zailtasun handiak izango dituztela onartu du Bengoak.

Foru administrazioetakoak

Udal ordezkariak aukeratzearekin batera, foru administrazioetako ordezkariak ere aukeratuko dira maiatzaren 28an EAEn eta Nafarroan. Hala, Eider Mendoza izango da EAJtik Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia eta Deba-Urola hautesbarrutirako proposatutako hautagaien artean hiru debagoiendar daude: Marijo Etxegoien oñatiarra, Ander Garay arrasatearra eta Aintzane Oiarbide bergararra. EH Bildutik Maialen Iriarte izango da Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta gaur egun hautesbarrutietako hautagaiak proposatzeko prozesuan dabiltza buru-belarri. Era berean, Ezker Anitza-Podemos koalizioan, Juan Luis Merino izango da Deba-Urola hautesbarrutiko zerrendaburua.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak