Hamasei partidutan zortzi puntu bakarrik lortuta iritsi da Mondra Azkoagaineko derbira eta, oraindik mailari eusteko helburua urrun badu ere, aurrerapauso bat eman du gaur David Muñozek zuzentzen duen taldeak. Derbien ohiko ezaugarria izanik, oso partidu lehiatua eta borrokatua izan da.
Hasieratik, Aloña Mendik hartu du iniziatiba eta baloiaren jabetza ere etxeko taldearena izan da hein handi batean. Edozelan ere, Gari Nuñezek zuzentzen duen taldea ez da gai izan aukera garbirik sortzeko eta hutsean iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian ere itxura bera izan du partiduak. Etxekoak indarrean eta Mondra ondo defentsan, kontraerasoan min egiteko aukerari itxaroten. Partidua amaitzeko hamabost bat minutu falta zirela, 78. minutuan, iritsi da aukera hori, eta Andoni Etxeberriak ondo baliatu du taldekidearen urruntzea, baloi luzean defentsak atzean utzi eta atezaina modu dotorean gaindituta. Hori izan da partiduko gol bakarra eta Aloña Mendik bukaeran estutu duen arren, ez du partidua berdintzerik izan.
Gaurko golegileak onartu du, taldearen egoera ikusita, funtsezkoak zirela hiru puntuak. "Oraindik lan asko geratzen bazaigu ere, garaipenak konfiantza handia eman dio taldeari".
Aloña Mendiko jokalari Gorka Irizarrek penaz egin du berba Goiena telebistako kameren aurrean. "Partidu oso ona egin dugula uste dut, baina atzealdean akats bat egin dugu eta oso ondo aprobetxatu du aurrelariak. Guk ez dugu lortu golik egiterik eta, beraz, galdu egin dugu. Horrelakoa da futbola", nabarmendu du oñatiarrak.
Bergarak eta UDAk berdindu
Liga berean, Bergarak bina berdindu du etxean Añorgaren aurka eta aretxabaletarrek, berriz, bana berdindu dute Mutrikun.
Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Leintz Arizmendik 2-0 irabazi dio Amaikak Bat Mutrikuri.