Aretxabaletak eta Bergarak bina berdindu dute Euskal Ligako gazteen derbia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urt. 15a, 19:08

Jende asko joan da gaur Ibarra futbol zelaira gazte mailako derbia ikustera. 

Euskal ligako derbian puntuak banatu dituzte Aretxabaletak eta Bergarak. Emozioz beteriko derbia izan da.

UDA bat gutxiagorekin

Neurketak denetarik izan du; hasi eta berehala, epaileak UDAko jokalari bat kaleratu du eta aretxabaletarrak bat gutxiagorekin gelditu dira. Ez dira kikildu, eta ikusleek uste arren txartel gorriak partidua baldintzatuko zuela, ez da horrelakorik gertatu. Lehengo zatiaren erdira iristen, etxeko taldeak sekulako gola sartu du area kanpotik. Bergarak ere izan ditu aukerak; eta lanak bere emaitza izan du: atsedenaldira joan baino lehen sartu du Bergarako berdinketaren gola.

Bigarren zatian, mahoneroen aukerak

Bigarren zatian, bergararrak hobeto sartu dira zelaira eta segituan lortu dute 1 eta 2koa egitea. Aukerak talde mahoneroarenak ziren, baina UDAK ere bere abaguneak izan ditu. Tartean, UDAko bigarren entrenatzailea den Dabid Enekotegui ere kaleratu du epaileak.

Partidua amaitzeko 15 minuturen faltan, UDAk berdinketaren gola sartu du, Bergarako atzelari baten eta atezainaren gaizki ulertu baten ondorioz. Azkenengo minutuetan, bai UDAK eta baita Bergarak aukerak izan dituzte partidua irabazteko, baina azkenean berdinketarekin konformatu behar izan dira bi taldeak.

UDAko jokalariak bigarren gola ospatzen.

Derbiak ikusmina sortu du zaleen artean; ikusle asko joan dira Ibarrara, 700 bat.

Beste emaitza batzuk

Gipuzkoako ohorezko gazte maila, 2. multzoa:

  • Mondra 1- Beasain 3
  • Danena 0- Aloña Mendi 1

Gipuzkoako gazte maila:

  • Aretxabaleta 2- Zestoa 3
  • Aloña Mendi 0- Idiazabal 2

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak