Bultzada taldeko isunduei laguntzeko kontzertua, futbol derbiaren ostean

Hasier Larrea 2023ko urt. 13a, 09:53

Criminal Remains taldekoak.

Criminal Remains debagoiendarrek, The Bobby's oreretarrek eta The Sinners beasaindarrek punk-oi! doinuak interpretatuko dituzte Arrasateko gaztetxean, zapatuan, 23:00etan hasita. Bultzadari, Realeko jarraitzaile taldeari, elkartasuna adierazteko kontzertua izango da.

Joan den denboraldiko Santander Ligako azken jardunaldian, Realak  Vila-realen zelaian jokatu zuen, Castellonen, eta Bultzada taldeak bi autobus bete zituen jokalariak animatzera joateko. Partidua hasi aurretik, jarraitzaile gazteak lasai eta abesten zeuden futbol zelaiaren kanpoaldean, eta polizia nazionala agertu zen, Bultzada taldeko ordezkarien esanetan, jarrera oldarkorrarekin: "Bideoetan ikusi zen bezala, jipoitu egin gintuzten, eta, ondoren, jendea identifikatu. Pertsona horiei 3.000 eta 6.000 euro arteko isunak jarri zizkieten, guztira 33.000 euroko isunak. Errepresio kasu bat izan zen, Bultzadakook kantuka animatzen aritu ginen, beti bezala". 

Hortaz, zapatuko emanaldia isundu horiei ekonomikoki laguntzeko antolatu dute. Gaueko 23:00etan hasiko da, hain justu, Realaren eta Athleticen arteko derbia bukatzerakoan. Aretxabaletako eta Gatzagako musikariz osatutako Criminal Remains taldea izango da oholtzara igoko den taldeetako bat. Azken urteotan agerraldi gutxi egin dituzte, baina sei abesti berri grabatzeko tartea hartu dute, Aretxabaletako NecroSound estudioko Asel Errastiren gidaritzapean. Diotenez, Arrasateko gaztetxekoaren ostean "etenaldi luze bat" egingo dute, "eta gero gerokoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak