Aloñaren eta Mondraren arteko derbia domekan

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 13a, 18:00

Aloña Mendiren eta Mondraren arteko azken partidua Azkoagainen, iazko martxoan.

Sailkapenaren erdian dagoen Aloña Mendik puntu beharrean dagoen Mondra hartuko du etzi (16:30, Azkoagain). Ez da derbi interesgarri bakarra, gazteen Euskal Ligan lider dagoen Aretxabaletak eta Bergarak ere indarrak neurtuko dituzte-eta domekan.

Mondrak (8 puntu) Azkoagainera egin zuen azken bisitan, iazko martxoan, hiru gol egin zituen, eta, oñatiarrek tartea txikitu ahal izan bazuten ere (2-3), puntuak Arrasatera joan ziren. Bada, domekako derbira begira gustura asko sinatuko lukete emaitza hori David Muñozen mutilek, eta, horrela, joan den astean Mutrikuren kontra lortutako berdinketak zapore hobea izango luke. Urte berrian egoera erabat irauli nahi dute zuri-moreek, berandu baino lehen. Baina oñatiarrak (21) errebantxa gogoz egongo dira, eta haiek ere ez daude opariak egiteko, nahiz eta sailkapenean larritasunik ez izan poliki-poliki begirada goraka jarri nahi dutelako, eta ez konformatu erdian egotearekin.

Bergarak (12) ere etxean jokatuko du, zapatuan (16:30), eta mahoneroak puntu beharrean daude jaitsierako postuetatik ihes egiteko. Oraingoan, baina, kontrario gogorra izango dute: bigarren dagoen Añorga (32). Eta etxetik kanpora Aretxabaletak (16) jokatuko du, puntu beharrean dagoen taldea hori ere. Joan den astean Mojategin puntu bat batu zuen Mutrikuren (21) zelaian (16:15) jokatuko dute aretxabaletarrek.

Emakumezkoek, etxean

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailari dagokionez, Bergarak (3) eta Leintz Arizmendik (23) etxean jokatuko dute asteburuan, eta Bergarak partidu garrantzitsua izango du, atzealdeko postuetan kontrario zuzena den Urnietaren bisita izango du eta (domeka, 18:00). Leintz Arizmendiko neskak, berriz, bosgarren daude sailkapenean, eta domekan (18:30), atzealdean dabilen Amaikak Baten bisita izango dute.

Euskal Ligako oilarrak

Oraingo asteburuan, baina, egongo dira bestelako partidu interesgarriak; izan ere, ikustekoa da gazte mailako Euskal Ligan zelan dauden ligako lehenengo postuan bai Aretxabaleta (35) eta baita Bergara (35) ere. Debagoieneko bi talde gazte mailan kategoria zorrotz bateko oilar. Eta domekan (16:30, Ibarra) aurrez aurre izango dira biak ala biak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak