'Erbestean', Zihara Etxeberria eta Ariana eta Daniel Nespereiraren film laburra

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 8a, 18:13

Aramaioko eta Arrasateko 14-16 urte bitarteko hiru gaztek 'Erbestean' izeneko film laburra kaleratu dute. Gabonetan grabatu dute lana eta dagoeneko ikusgai dago YouTuben.

Zihara Etxeberria aramaiorraren eta Ariana eta Dani Nespereira neba-arreba arrasatearren proiektua da 'Erbestean' film-laburra eta dagoeneko YouTube plataforman dago ikusgai. Garazi eta Ainara ditu protagonista lanak eta Garazik isilpean gorde dio lagunari bere bizitza aldatu duen gertakizuna. Hamalaugarren egunean, amore eman eta Ainarari egia aitortzen dio.

Etxeberriak idatzi du gidoia eta osatze prozesuan Ariana Nespereira izan du ondoan. Daniel Nespereira arduratu da zuzentzeaz eta muntaia egiteaz. Duela bi urte ezaugutu ziren bi neskak Arrasateko Doke antzerki eskolan eta beraiek interpretatu dituzte Garaziren eta Ainararen paperak. "Ariana eta biok betidanik izan dugu antzerkirako zaletasuna eta geuk egindako gidoia izanda, sekulako aukera ikusi genuen", dio Etxeberriak.

Paperetik irudietara

Antzerkirako gidoitxo batzuk idatzi izan ditu Etxeberriak, baina 'Erbestean' lanaren gidoia aurreneko gidoi "formala" dela azaldu du: "Gidoia, hasiera abtean, neuretzat idatzi nuen. Ez neukan film labur bihurtzeko asmorik". Pertsonaiak sortu zituen lehendabizi, eta ondoren, horien izaera ikusita sortu zuen istorioa.

Ariana Nespereira idazlea ere bada, ordea, eta honi idatzitakoa erakutsita, grabatzeko proposamena egin zion: "Kasualitatez, bere neba Dani ikus-entzunezkoen munduan dabil eta hark ere baitza eman zuen". Elkarlan hori hirurendako esperientzia oso aberasgarria dela nabarmendu du.

Lau haizetara

Lehen ikusleen iritzia jaso dute gazteek eta adierazi dutenez, kritika positiboak jaso dituzte, eta horren aurrean eskertuta azaldu dira. Gainera, bada hunkitu denik ere: "Batzuk negar egin dutela esan digute. Egoera erreala da eta emozioak ere bai. Hori saiatu gara irudikatzen eta espero dugu errealitate hori ondo islatu izana".

Halaber, Laburbira lehiaketara aurkeztu dute lana eta datozen asteetan jakingo dute ea sarituak izan diren ala ez. Hala ere, litekeena da elkarrekin egingo duten lehen eta azken lana ez izatea, Nespereira neba-arrebek ideia batzuk buruan badituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak