Prezioen goraldiari aurre egiteko deskontu gehiago, bidesaria duten errepideetan

Mireia Bikuña 2022ko abe. 29a, 11:43

Beherapenak ibilgailu arinentzako bidesaria duten errepideetako (AP-1, AP-8 eta A-636) erabiltzaile guztiei aplikatuko zaizkie, jatorria edozein dela ere, Gipuzkoatik kanpoko erabiltzaileak barne. Era berean, plan berriak, garraio publikoko eta kolektiboko ibilgailu astunak, salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunak eta autonomoek beren jarduerarako erabiltzen duten ibilgailuak hartzen ditu bere baitan.

Urte berriarekin batera, Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen erabiltzaileek deskontu-plan berria izango dute eskura, partikularrei eta jarduera ekonomikoei zuzendutako beherapen sorta batekin. 

"Gipuzkoako bidesarien 2023ko deskontu-planak gizartean, ekonomian eta ingurumenean eragiteko helburua du eta 44 milioi euro inguruko aurrezpena suposatuko du erabiltzaileentzat", adierazi du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek.

Ibilgailu arinak

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, ibilgailu arinentzako bidesaria duten errepideetako (AP-1, AP-8 eta A-636) erabiltzaile guztiei aplikatuko zaizkie beherapena,  jatorria edozein dela ere, Gipuzkoatik kanpoko erabiltzaileak barne. 

Ibilgailu arinen erabiltzaile partikularrek (turismoen, motorren eta furgoneta txikien jabeek) bi deskontu mota izango dituzte. AP-1ean, AP-8an eta A-636an, maiztasunaren araberako hileko deskontu progresiboa aplikatuko da. Deskontu hori hileko sei joan-etorrietatik aurrera gauzatuko da, % 25eko deskontutik hasi eta % 75era iritsi arte, 21. igarotzetik aurrera. Gastuaren gehieneko muga 35,25 eurokoa izango da 2023 urtean.

Gainera, 0,55eko deskontua gehituko da egun berean Irun, Oiartzun, Orio eta Zarauzko geltokietan bi puntu berdinen arteko joan-etorriko bidaia guztietan.

Autonomoak

Autonomoek beren jarduera ekonomikoa garatzeko erabiltzen dituzten ibilgailu arinei, taxiak eta anbulantziak, besteak beste;  maiztasunaren araberako deskontua aplikatuko zaie: 21. bidaiatik aurrera % 10etik hasita, eta % 13ra artekoa 51. bidaiatik aurrera. Azken hori, Europako Batzordeak baimendutako gehienezkoa da, eta urrian sartuko dira indarrean. 

Ibilgailu astunak

Mugikortasun berria sustatzeko eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzeko, gutxiago kutsatzen duten motorrak dituzten ibilgailu astunek deskontu mota berri bat izango dute 2023an. Ibilgailu elektriko astunek eta gas- edo hidrogeno-motordunek tarifaren % 25eko deskontua izango dute; EURO 6 kategoriako ibilgailuek % 20ko deskontua; eta eta EURO 5 kategoriakoek % 15ekoa.

Beherapenen kategoria hori urtarrilean hasiko da aplikatzen A-636, N-1 eta A-15 errepideetan. AP-1 eta AP-8 errepideetan, ordea, urritik aurrera sartuko da indarrean. Dena den, beherapen honek atzeraeragina izango du.

Mota horretako ibilgailuek, kamioi ala garabiek, maiztasunagatiko beherapena izango dute, % 13ko mugaraino, lurraldeko gaitasun handiko errepide guztietan. Deskontu hori urritik aurrera egingo da

Garraio publikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean ipiniko duen deskontu-planak garraio publikoko eta kolektiboko ibilgailu astunendako ere aurreikusten ditu deskontuak. %50ekoa izango da AP-1, A-8 eta A-636 errepideetan, lehen bidaiatik hasita. Deskontu hori urrian sartu da indarrean, baina, urtarriletik aurrera, atzeraeragina izango du.

Informazioa

Deskontuei eta horiek lortu ahal izateko egin beharreko gestioei buruzko informazioa Bidegiren Bezeroaren Arretarako Zerbitzuan jaso daiteke, Aritzetako bulegoan, 08:00etatik 20:00etara, edo 943-10 51 06 telefonora deituta.

Mugikortasun jasangarria sustatze aldera

Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuaren arabera, plan hau "pauso handia" da, "inflazioaren ondorioak eta erregaien prezioaren igoera arintzen lagunduko duelako, eta, aldi berean, mugikortasun jasangarria sustatuko delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak