Batzar Nagusiek onartu dituzte 2023ko foru aurrekontuak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 23a, 13:05

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur onartu dituzte Aldundiaren 2023ko aurrekontu orokorrak. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, foru erakundearen historiako aurrekonturik handiena da, "lurraldearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aurrekontua". 

Goizean egin den Osoko Bilkuran jaso dute Foru Aldundiaren aurrekontu orokorrek EAJren eta PSE-EEren babesa eta EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoak kontra bozkatu dute. PPko ordezkari bakarrak ez du parte hartu gaurko batzarrean. Onartutakoaren arabera, foru erakundeak 1.124,9 milioi euroko aurrekontu propioa izango du 2023an, 2022an baino 87,6 milioi gehiago. 

Aurrekontua hiru ardatz nagusiren bueltan antolatzen da: eremu soziala, izaera inbertitzailea eta jasangarritasuna. Alor sozialera 495 milioi euro bideratuko dituzte, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bilkuraren amaieran azpimarratu duenez, "horiei beste 12 milioi gehitu behar zaizkie, Adinberri eta elkar-EKINera bideratzen direnak.  Guztira urtero 500 milioiko muga gainditzen dugu".

Ekonomiaren alorrean, Olanok gogorarazi du agertoki ekonomikoak ziurgabetasunez beteta jarraitzen duela eta, horren aurrean, Aldundiaren zeregina gure ehun ekonomikoari laguntzea izan behar duela, “ziurtasuna eta konfiantza” sortuz. Arlo horretako zifren artean, 127,8 milioiraino hazi da Ekonomia Sustatzeko Sailaren zuzkidura, eta 2023an 40,3 milioi euroko inbertsioa egingo da proiektu estrategikoetan

Azkenik, iraunkortasunaren ardatzean, Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du datorren urteko aurrekontuek “etorkizunera begirako eta jasangarritasunera bideratutako politikak” bermatzen dituztela. Trantsizio ekologikoa sustatzera zuzendutako politikak nabarmendu ditu, energia aurreztearekin eta energia berriztagarrien sustapenarekin zerikusia dutenak, batez ere komunitate eta kooperatiba energetikoen bidez, baita ekonomia zirkularraren eremua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak