Olentzero eta Mari Domingi Debagoienean daude dagoeneko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 24a, 07:00

Mari Domingi eta Olentzero iaz, Elgetara iristen.

Bart gauean iritsi dira Elgetara Intxortatik bueltan, eta gaur, gainontzeko herrietako kale eta auzoetatik igaroko dira etxeko txikiak agurtu eta gutunak jasotzeko.

Gaurko protagonistak Olentzero eta Mari Domingi izango dira eta Debagoieneko herri guztiak zeharkatuko dituzte opariak banatu baino lehen gutunak jasotzeko.

Arrasaten, Txoronpio eta Txoronpia arduratuko dira, 11:20an hasita, Olentzeroren gutuna jasotzeaz Munarren, Uribe auzoan, San Andresen, Aprendices plazan, Zigarrolan eta Santa Teresa auzoetan. Ondoren, 13:15ean, gutunen jasoketa Seber Altube plazan egingo dute. Olentzeroren kalejira 18:15-19:00 bitartean izango da eta amaitzean, Gabonetako kantalia izango da Goikobalu abesbatzarekin.

Aramaion, berriz, guraso elkarteak antolatuta, 18:30ean hasita Olentzero eta Mari Domingi etxeko txikienak agurtzen ibiliko dira kaleetan barrena.

Aretxabaletan, 09:15ean ekingo diete bertso-birari Urkulu inguruko auzoetan Lekaixoka bertso eskolakoek eta 10:30ean, berriz, haurrak eta Basoko Erretiratuek elkartekoak ibiliko dira kalerik kale Gabon-kantuak kantatzen. Eguerdiko hamabietan jasoko dituzte Olentzero eta Mari Domingik umeek gutunak plazan eta arratsaldean, 18:30an, desfilea egingo dute kiroldegitik Herriko Plazara.

Eskoriatzan, hamabietatik ordubatera plazan ibiliko dira Olentzeroren laguntzaileak umeen eskutitzak jasotzen. Eguerdiko hamabietan Gabon kantez gozatzeko aukera egongo da plazan eta ordubatean Trikitixa Eskolako ikasleek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. 16:30ean, berriz, Gabon-kantak izango dira entzungai Zaharren Egoitzan. Eguneko protagonistak 17:00etan etorriko dira Apotzagatik eta ongietorriaren ostean, kalez kale ibiliko dira.

Bergaran, 12:30ean, iritsiko dira San Martin plazara Olentzero eta Mari Domingi, eta arratsaldeko seiretan jasoko dituzte haurren gutunak udaletxeko atarian. Ordu berean, Alaiberri taldeak herriko kaleak girotuko ditu kantu emanaldiarekin. Osintxura arratsaldeko zazpietan iritsiko da Olentzero eta Angiozarren eguna 08:45ean hasiko dute Olentzero kantua abestuz aterako baitira plazatik Angiozar bailarako auzo guztietara. Zazpietan izango da Olentzero Angiozarko plazan.

Antzuolan, goizeko hamaiketaPausoka Guraso Elkartearen eskutik, Gabon-klejira egingo dute Errekalde auzotik abiatuta. 18:30ean San Josetik jaitsiko dira Olentzero eta Mari Domingi antzuolarrak agurtzera. Plazan egingo dute ekitaldi nagusia eta haurren gutunak jasoko dituzte.

Oñatira 12:30ean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi eta kalejiran ibiliko dira Otadui Zuhaiztitik hasita. Plazara heltzen direnean, harrera egingo diete bertan. Eguna biribiltzeko, arratsaldeko zazpietan, Gabon-kantak izango dira entzungai Foruen Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak