Ulmaren erabakia "errespetatzen" du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 16a, 17:22

Ekonomia Sustapeneko diputatuaren arabera, "zorterik onena" opa die Ulmari, Oronari eta Mondragon Korporazioari, eta nabarmendu du "etorkizunera begira" jartzeko unea dela. Hala, lankidetza jarri du erdigunean.

Ulmaren eta Mondragon Korporazioaren arteko aferak inguru guztiak harrotu ditu, eta areago gaur irteteko erabakia hartu ondoren. Zenbait aldek hitz egin dute dagoeneko, eta tartean, baita Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak ere. Adierazi duenez, Ulmaren erabakia "errespetatzen" du, Oronarenarekin batera. "Zorterik onena opa nahi diet bai enpresei bai Mondragon Taldeari etapa berri honetan. Horiek funtsezko eragileak dira gure garapen ekonomiko eta sozialerako".

Hala, nabarmendu du aurrera begiratzeko unea dela, etorkizunera, eta erakundeetatik enpresekin lankidetzan jarraitzea dagokiela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "industria lehiakorra eta ekonomia indartsua" izateko helburuarekin. "Gure ongizatea eta gizarte kohesioa bermatzeko".

Kooperatiba ereduaren ekarpena

Izan ere, argi dute kooperatiba ereduak Gipuzkoari eginiko ekarpena "eztabaidaezina" dela, eta jarraipena ere izango duela. "Kooperatibismoa inspiratzen duten balioak lurraldearen balioak dira, eta hartzen duten enpresa edo lege-konfiguraziotik harago benetako erronka da balio horiek egunerokoan bizirik mantentzea eta etorkizunera proiektatzea". Larrañagaren arabera, hori da erantzukizun kolektiboa, "zaindu eta hurrengo belaunaldiei utzi beharreko ondarea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak