Leire Mugerza: "Denok irabaziko genuke elkarrekin joanda"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 12a, 10:46

Mondragoneko Kongresuko presidentearen arabera, bazegoen hau guztia "elkarrekin" egiteko era bat, eta ez dituzte korporaziotik irteteko arrazoiak ongi ezagutzen.

Egubakoitzean, hilaren 16an, erabakiko dute Ulma eta Orona taldeek Mondragon Korporaziotik irten ala ez, horretarako batzarrak egingo baitituzte. Leire Mugerza Mondragoneko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidenteak, ordea, Euskadi Irratia-n eginiko elkarrizketa batean adierazi du bi talde horiek alde eginez gero, "moztu" egingo litzatekeela elkarlana. "Ez da berdina Mondragon barruan egon ala kanpoan. Sare hau mozten dela da garrantzitsuena". Nabarmendu du etorkizunean "denek irabaziko" luketela elkarrekin aurrera eginda. "Dudarik gabe".

Gainera, aitortu duenez, prentsaz jaso dute berria. "Uste dut hau guztia ondo egiteko era bazegoela, elkarrekin, nahiz eta desadostasun batzuk izan tarteko". Azaldu duenez, ez dituzte bi taldeen arrazoiak ezagutzen irteeraren gaia mahai gainean izateko, baina muinean kokatzen dute taldeek itunpeko kooperatiba izateko eginiko proposamena. Ekainean izan zuten horren berri, baina Mugerzak uste du horrelako erabaki batek "aldaketa handi bat" eragingo lukeela, eta hori hala esan zietela. "Izaera aldaketa bat ekarriko luke, beste Mondragon bat izango litzateke".

Arrazoiak ezagutzeko nahia

Bada, korporazioko kideek arrazoi horiek ezagutzea botatzen dute faltan. "Gustatuko litzaiguke jakitea zeintzuk diren arrazoiak proposamen hau bideratzeko. Hori ulertu nahi genuen. Hasi ziren esaten arrazoi estruktural batzuk zirela, baina ez zuten konkretatzen". Areago, Mugerzak erantsi du prentsan entzuna dutela "autonomia falta eta Mondragonen zentralismoa" direla arrazoietako bi, baina beste bide batetik eutsi dio ikuspegi horri. "Mondragon organo bat da, kooperatiba guztien ordezkariena… Hor nork esango dio norbaiti zerbait egin behar duela? Mondragon laguntzeko dago eta kooperatiba bakoitzak bere soberania du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak