"Aurreikuspenak beteta eta pozik" agertu dira Azokako antolatzaileak

Miren Arregi Amasorrain 2022ko abe. 11a, 18:23

Durangoko Azokak ateak itxiko ditu gaur eta balorazio positiboarekin itxiko ditu gainera. Azaldu dutenez, salmentak oso onak izan dira eta bost egunak oso jendetsuak bai Landako gunean eta baita Azokako gainerako guneetan ere. Ikasle Goizak eta Gazte EztanDA!-k izandako erantzunarekin ere pozik agertu dira.

Urte biko edizio ez-ohikoen ostean, kulturaren plazak betiko formatua berreskuratu du aurten: "Ospatzeko urtea izan da, berriz elkartzekoa, kulturaren plazari berriro ere bizia ematekoa, eta giro hori sumatu dugu Azokan. Oso eskertuta gaude", azaldu dute Gerediagatik.

Eztanda egin du Azokak edizio honetan, bisitari, salmenta eta giroari dagokionez. "Bost egun hauetan bizitako eztanda hori herriz herri Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da erronka, Azoka ez dadin oasi bat izan, Durangon sentitu dugun komunitate hau zabaltzen jarrai dezagun".

Ikasle Goizarekin hasi zen aurtengo edizioa, bi urteren ostean, eta berriro ere milaka ikaslek bete zituzten Landako Guneko erakusmahaiak. Gazte EztanDA! eguna ere ospatu du Azokak lehenengo aldiz, gazteentzat antolatutako egitarau bereziarekin. Horren balorazio positiboa egin du, "gazteak erakartzen jarraitzeko bidea ireki delako".

Azokako bost egunak oso jendetsuak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek eta etengabea izan dela bisitarien joan-etorria. "Landako gunea beteta egon da egunero, eta abenduaren 8a izan zen egunik jendetsuena. Azokako gune guztietan ere aforoa bete da ekitaldi askotan".

Salmentei dagokienez, hainbat parte-hartzailek nabarmendu dute edizio honetan salmentak oso onak izan direla, osasun-krisia heldu aurreko kopuruetara helduz eta kasu askotan gaindituz. "Zalantzarik gabe, kulturzaleek aurrez aurreko Azokari lehentasuna eman diote online dendaren aurrean".

Datorren urteko datak ere aurreratu ditu Gerediagak. 58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak