Euskal kulturaren plazak atzo ireki zituen ateak beste urte batez. Domekara arte egongo da zabalik Durangoko Azoka, eta erakusmahaietako eskaintzaz gain, hainbat sortzailek aurkeztuko dituzte euren lanak horretarako propio atondutako guneetan. Eta tartean izango dira debagoiendar batzuk ere.
Musikariei dagokienez, gaurkoan, Ines Osinaga trikitilaria izango da oholtza gainetik igarotzen lehena. Itsasoa da bide bakarra proiektua aurkeztuko du Plateruenan, 13:20tik 13:50tararte. Are, hortik gutxira igoko da eszenatokira Neomak taldea ere, 15:40tan, eta ordu erdiko ikuskizuna eskainiko dute.
Horrez gain, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizun berriaz gozatzeko aukera ere egongo da Saguganbaran, 15:30etik 16:30etara bitartean. Musika eskolan, berriz, Asun Agiriano eta Marina Garcia idazleek Atzamarra liburua aurkeztuko dute, 17:00etan.
Beste lan batzuk, erakusmahaietan
Hurrengo egunetan ere euren lanak aurkeztuko dituzte sortzaile debagoiendarrek. Dena den, zuzenean erakutsi ez arren, bertan izango dira bailarako beste sortzaile batzuk ere, erakusmahaietan. Besteak beste, Nhil eta Eñaut Zubizarreta musikariak.
EGITARAUA, EGUNEZ EGUN:
Egubakoitza, abenduak 9:
- Keia taldeak Erregaia diskoa aurkeztuko du. 19:10-19:40, Ahotsenea Musika espazioan, Plateruenan.
- Andoni Urzelai idazleak Ametsen trafikatzailea liburua aurkeztuko du. 17:30-18:00, Ahotsenea Literatura espazioan, Musika Eskolan.
Zapatua, abenduak 10:
- Assata taldeak Oasia diskoa aurkeztuko du. 12:10-12:40, Ahotsenea Musika espazioan, Plateruenan.
- Marisol Andrade idazleak Zazpi giltzak liburua aurkeztuko du. 16:00-16:30, Talaia espazioan.
Domeka, abenduak 11:
- Jon Sarasua eta Jose Angel Irigaray idazleek Harizko zubiak liburua aurkeztuko dute. 18:30-19:00, Talaia espazioan.