Superstiziosoak direnek badute zeri egotzi ligako hamahirugarren jardunaldiak Debagoienean utzi dituen emaitzak, benetan izan dira-eta txarrak. Mondrak burua altxa ezinka jarraitzen du, eta 2-1 galdu du Vasconiaren zelaian. Aretxabaletak bost puntu gehiago ditu, baina horiek ere ez daude etxafuegoak botatzeko moduan, eta galdu egin dute Oiartzunen zelaian. Bada, Mondrak eta Aretxabaletak jaitsiera postuetan jarraitzen dute, eta Bergarak gutxi behar du atzealde horretara bueltatzeko, Lagun Onaken zelaian 2-1 galdu dute-eta. Eta, orain arte salbuespena izan den Aloña Mendik bigarren porrota jaso du jarraian gaur arratsaldean Azkoagainen, Amaikak batek 0-3 irabazi du.
Debakoak nagusi izan dira
Partidaren hasieraren atarian, Aloña Mendi K.E.ko zuzendaritza batzordearen izenean, eskertze ekitaldi xume bat izan da futbol zelaian. Javier Azpiazu lehendakariak Ibon
Gesalaga eta Pablo Olalde Antzuola K.E.ko ordezkariei oroigarri bat eman die denboraldiaren hasieran antzuolarrek oñatiarrei eskainitako laguntza eta emandako
erraztasun guztiengatik Azkoagain futbol zelaian berritze lanak egiten ari ziren bitartean. Eta, ekitaldi horren ostean, partidari ekin aurretik, taldeko fisioterapeuta Xabi Caminoren
amaren izenean, Arantxa Salegiren izenean, minutu bateko isilunea gorde da.
Partidari dagokionean, azpimarratu behar da debarrak nagusi izan direla zelaian ia uneoro. Nagusitasun horren ondorioz, 26. minutuan, Debakoen lehen gola iritsi da. Jon
Irazabal atezainak geldiketa bikaina egin du, Amaikak Bat taldeko erdilari baten jaurtiketaren ostean, baina Beitiak aldaratzea jaso du, eta jaurtiketa gogor baten bidez 1
eta 0koa eskuratu du. Lehen zatia amaitzear zegoela, 45. minutuan, Azkoitiak bigarren gola lortu du, eta hortxe partida amaitu dela esan daiteke.
Bigarren zatian, Aloñakoak nahi eta ezin aritu dira. Oñatiarrak ez dira gai izan Bastidaren atearen aurrean gol aukera garbirik sortzen. Bigarren zatiko 23. minutuan, kontraeraso azkar batean, Aznalek hirugarren gola eskuratu du.