Tentsio handiko derbian, Mondratek egin du gol bakarra

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 3a, 21:04

Azkenaldian Mondrateren eta Eskoriatzaren arteko derbiak dira Debagoienean pasio gehien duten kirol hitzorduak, eta gaurko derbia ez da gutxiagorako izan. Musakolako harmailak beteta, kantxan gol gutxi, joko gutxi, baina emozio galanta izan da, azkenera arte, gainera. Kevin Barrancak egindako gola nahikoa izan da arrasatearrek errebantxa hartzeko (1-0).

Musakolako kantxan Mondratek eta Eskoriatzak jokatu duten partidua ikusita, gezurra zirudien ligako jardunaldi bat baino ez zegoela jokoan. Ez kopa finalik, ezta igoera faserik. Ligako partidu bat: hiru puntu baino ez. Baina bi talde horietako ordezkariek –eta zaleek– ez dute gehiago behar pasioa kantxara –eta harmailetara– eramateko.

Arrasatekoak errebantxa gogoz zeuden, joan den ekainean igoera faseak ihes egin zien eskoriatzarrek azken derbia irabazi eta gero, eta hain zuzen, Eskoriatza sailkatu zen fase horretara. Eta, arantza atera gura zuten zuri-moreek. Bada, lortu dute, gaur 1-0 irabazi eta gero. 

Lehenengo zatian golik ez

Parean egon dira indarrak norgehiagoka osoan zehar. Lehenengo zatian inork ez du bururik galdu, kontrarioari dioten errespetua gailendu da eta, eta erasotzea bai, baina ondo defendatzea zen lehentasuna. Biek izan dituzte gol aukerak, baina ez garbiak eta 0-0ekoarekin erretiratu dira aldagelara.

Bigarren zatian ere antzera hasi dute norgehiagoka, baina arrasatearrek kontraeraso azkar batean ezustean harrapatu dute Eskoriatza, eta bolada onean dabilen Kevin Barrancak ez du barkatu (1-0). Bada, hortik aurrera tentsio handiko momentuan bizi izan dira Musakolan, baina gol gehiago ez. Jokoa nahastu egin da, baita giroa ere, eta etengabeko protestak egin dituzte bi taldeetako ordezkariek. Eskoriatza zen giro hori gutxien komeni zitzaion taldea, baina eurak ere joko horretan murgildu dira.

Hala, Mondrate abantaila defendatzen ahalegindu da bai ala bai, jakinda, Eskoriatzak estutu egingo zuela, eta horrela izan da. Gainera, arrasatearrak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira bi minutuz, eta hiru jokalarirekin esfortzu fisiko galanta egin behar izan dute eskoriatzarrei eusteko –horiek azken minutuetan atezain jokalariarekin ibili dira–. Eskoriatzak, baina, gaur gauza asko egin ditu ondo, baina ate aurrean ez dute asmatu, eta garesti ordaindu dute hori. Ligako joaneko derbia Musakolan geratu da, eta arrasatearrek aurrea hartu dute sailkapenean

 

   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak