Jeltzaleen Herrialde Batzarrak foru hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaitzak onartu ditu

Hasier Larrea 2022ko abe. 3a, 10:28

Eider Mendoza izango da Ahaldun Nagusirako hautagaia, eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenterako hautagaia, Gipuzkoako EAJk aho batez hala erabakita.

Gipuzkoako EAJ-PNVren Herrialde Batzarra atzo arratsaldean bildu zen Orona Fundazioan, 2023ko maiatzaren 28an Batzar Nagusietarako egingo diren hauteskundeetan alderdi jeltzalea ordezkatuko duten pertsonak izendatzeko. Hala, Gipuzkoako EAJ-PNVren organo erabakitzaile gorenak Eider Mendoza Larrañaga ahaldun nagusirako hautagai eta Xabier Ezeizabarrena Saez Batzar Nagusietako presidenterako hautagai izateko berretsi ditu.

Gipuzkoako lau hauteskunde-barrutietatik, Eider Mendoza Bidasoa-Oiartzungoaren buru izango da, eta Xabier Ezeizabarrena, Donostialdea barrutikoarena. Bestalde, Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urolakoaren zerrendaburua izango da, eta Olatz Peon, Oria barrutikoarena.

Modu horretan eman dute amaitutzat Gipuzkoako foru erakundeetan EAJ-PNV ordezkatuko duten pertsonak hautatzeko barne prozesua. Bozketaren ostean, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie EAJ-PNVko egungo batzarkideei azken lau urteetan egindako lanagatik. Puntu horretan, Markel Olano egungo ahaldun nagusiak "Gipuzkoarekin eta Euskadirekin duen konpromisoa" aipatu du.

Datozen hauteskundeetan Euzko Alderdi Jeltzalea ordezkatuko duten emakume eta gizonei buruz, Joseba Egibarrek honakoa azpimarratu du: "Eusko Alderdi Jeltzalearen izateko moduaren adierazle garbia dira; eraikitzaileak, baikorrak, aurrerakoiak, elkarlanerako irekiak eta abertzaleak; hain zuzen ere, euren abertzaletasuna, herri honekiko maitasuna eta konpromisoa, berdintasunaren, askatasunaren eta gizarte hobe baten alde lan egitera bultzatzen dituen motorra da".

Datozen udal eta foru hauteskundeei begira, Joseba Egibarrek esan du EAJk hiru oinarri nagusiren inguruan lanean jarraituko duela: "Garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak