Mondratek eta Eskoriatzak iazko liga amaierako derbi erakargarria ezkero ez dute elkarren kontra jokatu. Orduan, ekainaren 4an Musakolan jokatutako partiduan, Bigarren B Mailara igotzeko play-off-erako sailkatzea zuten jokoan, eta, infartuzko partiduan, eskoriatzarrak izan ziren hobeak (0-2). Hala, bi taldeek sekulako denboraldia egin bazuten ere, eskoriatzarrek jarri ahal izan zioten ginga, eta igoera fasea jokatu –Afantxoren kontra 6-3 galdu zuten play-off-ean–.
Urteko helburuetako bat
Bada, Arrasatekoek ez dute ahaztu azken derbiko emaitza txarra, eta errebantxa gogoz daude. Sailkapenean, gainera, bi taldeak pare-parean daude, hamaseina puntu batuta bosgarren eta seigarren postuan. Aretxabaletatik etorritako Arkaitz Ribera entrenatzailearen aginduetara arrasatearrek bikain hasi zuten liga, baina azken jardunaldietan beherakada izan dute: "Taldea aldaketa eta joko sistema berrira egokitzen dabil. Hasierako garaipenak etorri ziren neurri handian iazko dinamika positiboak hor jarraitzen zuelako, baina bai, egokitzeko denbora behar dugu. Bestalde, Eskoriatza erreferentziazko taldea da, Aretxabaletan entrenatzen nengoenean ere Eskoriatzari irabazteko gogoz egoten ginen, eta orain Mondraten nagoela, gauza bera". Kontrara, Mikel Alkaiden mutilei gehiago kosta zitzaien liga ondo hastea: "Baja asko izan ditugu eta orain hasi gara egoera zuzentzen. Baina bai, eurak errebantxa gogoz egongo dira, baina guk ere partidua irabazi nahi dugu". Hala, bi entrenatzaileek bat egiten dute, baina, topikoan: "Derbietan aurreko guztia berdin da".