Aurten, guztira, 80.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura sustatzeko bonuetara. Bi modalitate izango dituzte. Lehena, euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria izango da; bigarrena, beste hizkuntza batzuetarako hobaria. Euskarazko kultur produktuetarako bonuak gutxiago dira, guztira 2.700. Aldiz, hobaria handiagoa da. Alegia, 20 eurotik gorako erosketetan, hobaria 12 eurokoa izango da. Beste hizkuntza batzuetakoetan, hobaria 8 eurokoa izango da. Bonuekin, erosi ahalko dira liburuak –testuliburuak, ikasketa liburuak eta profesionalenak izan ezik–, bai eta ikus-entzunezko produktuak ere –edozein euskarritan–.
Kulturaz gozatzeko moduak bultzatu gura ditu modu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, ahalik eta jende gehiena horietaz baliatzea bilatuz eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatuz. Urtarrilaren 29ra arte egongo dira erabilgarri. Maria Jose Telleria kultura diputatu estreinatu berriak eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten establezimenduei: "Kanpaina honetan konfiantza izan dute berriro, eta urte osora zabaldu nahi dugun kulturaz gozatzeko irrika horretan bidelagun dira. Ahalik eta pertsona gehienak bonuaz baliatzea eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea nahi dugu".
Arrasaten, Bergaran eta Oñatin eskuragarri
Arrasaten eta Bergaran Elkar liburudendan eskuratu ahal izango dira kultura bonuak gaurtik aurrera. Oñatin, aldiz, Haritza, Ibarrondo eta Hirukar liburudendatan eta Altuna Estankoan egongo dira bonuak.