Azaroaren 24 eta 25ean, Arizmendi ikastolak Lapurdiko Ametza ikastolaren aldeko diru bilketa solidarioa egin zuen: gaztainak eta elkartasun hostoak saldu zituzten. Diru bilketa egin izanaren arrazoia da Lapurdiko hiriburuko ikastola gasez hornitzen duen enpresak 6.000 eurotik 45.000 eurora igo diela tarifa eta berogailu sistema eten egin behar izan dutela. Arizmendi ikastola, egoera larriaren berri jakin bezain laster, "martxan jarri" zen, ekarpena egiteko asmoarekin.
Eguenean Arrasaten egon ziren gaztainak eta elkartasun hostoak saltzen eta egubakoitzean, berriz, Aretxabaletan eta Eskoriatzan egin zuten diru bilketa. Eguraldi hotz eta euritsuak lagundu ez zuen arren, "aurreikuspen guztiak" gainditu zituzten: guztira, 5.333 euro bildu zituzten. Horregatik, Arizmendi ikastolak esker ona adierazi die ekimenean modu batera edo bestera parte hartu zuten guztiei, Herriak berotuko du Ametza! bideoarekin.



