Iberostar taldeko bidaien dibisioak, World2meet-ek, Eroski Bidaiak erosi du Eroski taldearekin akordio batera iritsi ostean, 132 salmenta punturekin, eta konpromisoa hartu du lan taldeko hirurehun langileak mantentzeko. Bailaran, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin dituzte egoitzak.
Salmentaren operazioaren amaiera, ordea, urtarrilaren bukaerarako aurreikusi dute, hain justu, akordioaren baldintza batzuk betetzat jotzen direnean; gainera, epe jakin baterako Eroski Bidaiak marka mantenduko dute. Era horretan, "trantsizioa errazagoa" izatea da asmoa.
Are gehiago, bidaia kooperatiboetarako Eroski Bidaiak eta Travelair online plataformek ere martxan jarraituko dute.
Erosketa "positiboa" izan da
Mondragon korporazioak ez du zehaztu zenbatekoa izango den salmentaren kopuru zehatza, ez, behintzat, une honetan: "Eragiketaren azken prezioa ixteko unean adosten diren doikuntzen mende dago". Dena den, Javier Amezaga Eroski taldeko zuzendari korporatiboak "positibotzat" jo du akordioa: "Bidaia negozioaren arrakasta eta hazkundea eta hura osatzen duten profesionalen jarraipena bermatzen du".