Heriotza tasak %6,6 egin du gora urtebetean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 21a, 11:37

Arrasateko hilerria.

Eustatek eman ditu datuak, eta Araban eta Bizkaian atzeman dira kopururik nabarmenenak. Batik bat, emakumeak hil dira.

2022ko bigarren hiruhilekoko heriotza kopuruen berri eman du Eustat Euskal Estatistika Erakundeak, apirileko, maiatzeko eta ekaineko datuak kontuan hartuta, eta ohartarazi du orain urtebeteko datuekin alderatuz gero, %6,6 igo dela heriotza tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain justu, 5.775 pertsona hil dira.

Emandako datuen arabera, hiru lurraldeetan egin du gora kopuruak, baina Araban eta Bizkaian hauteman dira igoerarik nabarmenenak. Hain justu, Araban, %9,5 egin du gora tasak, eta Bizkaian, %9,3. Gipuzkoan, aldiz, txikiagoa izan da igoera; zehazki, %1,2 puntukoa. Are, jakinarazi dute gizonezkoak baino 75 emakume gehiago hil direla.

Gogoan izan dute adina ere, eta nabarmendu dutenez, hil diren hamar herritarrek urtebete baino gutxiago zuten, eta 101ek, berriz, 100 baino gehiago.

Heriotzen zergatia

Heriotza kausei dagokienez, batik bat, tumoreak eta zirkulazio-sistemako eritasunak izan dira eragileak; hain justu, heriotzen erdia eragin dute. Dena den, sexuaren arabera, ezberdina da kausa horien ordena; izan ere, gizonezkoen artean, tumoreak dira heriotza kausa nagusi, eta andrazkoenean, zirkulazio sistemako gaixotasunak.

Baina COVID-19ak ere zeresana izaten jarraitzen du oraindik, heriotza kausetan hirugarren postua baitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak