Doinu urbanoek eztanda egingo dute gaztetxean

Hasier Larrea 2022ko aza. 17a, 15:38

Janda, Cristian Brown-ekin kantuan.

Arrasateko eta Iruñeko rap eta trap mugimenduko zenbait artista gazte igoko dira gaztetxeko oholtzara zapatuan, 22:00etan hasita. Bailarako ordezkariak Janda, Tatta, Mutiko eta Denso izango dira eta Iruñekoak, Txandal Vandals eta Hofe 4:40.

Reggaeton, trap, rap eta drill estiloetako kontzertua egingo dute zapatu gauean gaztetxean, 22:00etan hasita. Ikusmin handia piztu du hitzorduak gazteen artean, eta, aurreikuspen guztien arabera, bete egingo da 400 lagun ingururendako edukiera duen aretoa. Lau txandatan igoko dira musikari gonbidatuak: Janda lehenengo, Txandal Vandals bigarren, Tatta, Mutiko eta Denso hirugarren eta Hofe 4:40 azkenik. Ostean, testigua hartuko diete Aramaioko An2an eta Arrasateko DJ Urbe musika jartzaileek; festak gau osoa iraungo du, beraz.

Janire Davila Janda izango da jaialdia irekiko duen musikaria. Jendaurrean agerraldi laburrak egin ditu orain arte, eta dio zapatukoa izango dela azken urtean landutako guztia erakusteko lehen aukera. Haren alboan Denso musika ekoizlea izango du, eta baita bi dantzari ere, reggaeton eta trap kutsuko zenbait kanturi koreografiak gehitu baitizkiete. "Arduraz prestatu dugu ikuskizuna, gaztetxeetan ez direlako ohikoak gurea moduko proposamenak; emakumezkoek egindakoak, gutxiago", aipatu du Jandak.

250 SARRERA EGUNEAN BERTAN JARRIKO DITUZTE SALGAI GAZTETXEKO ATEAN, BOST EUROTAN

Aramaion aritu da entseatzen egunotan, hain justu, Denso, Tatta eta Mutikorekin batera. Sortzaile gazte horiek publiko fidela dute dagoeneko eta haien abestiak oso ezagun bilakatu dira denbora laburrean. Sarera igo duten azkenengo abestiak, Alesardui-k, adibidez, milaka entzunaldi izan ditu egun gutxian. Esan daiteke olatu aparretan daudela, gaur-gaurkoz, baina oraindik muga urruti dutela.

Nafar ukitua

Arrasate eta Aramaioko artista horiek hirugarrenak igoko dira oholtzara, haien aurretik Txandal Vandals iruindarren txanda izango da eta. Atera berri duten diskoa aurkeztera etorriko dira; drill eta trap doinuak nabarmentzen dira lanean, nahiz eta punka oso presente eduki euren eraginetan zein jarreran.

Laugarren artista gonbidatua Nafarroako hiriburutik dator baita ere, eta aski ezaguna da tokiko raparen munduan. Chill Mafia talde entzutetsuarekin batera Iruñerrian jaio den eszena berriaren erreferenteetako bat baita Hofe 4:40, Espainia mailan ere hainbat kontzertu emandakoa. Jandak aipatu du asko gustatu zitzaiola Hofe hain ezaguna ez zenean ikusi zuen emanaldia, eta, beraz, "gustura" partekatuko duela harekin eszenatokia. Gauak luze joko du, kontzertua Aramaioko DJ An2anek eta Arrasateko DJ Urbek borobilduko baitute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak