Osasun Sailak segurtasuna zorroztuko du ospitaleetako amatasun unitateetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 16a, 15:51

Pazienteen Segurtasun Taldeak ospitaletako egoera aztertu du, eta gomendio sorta bat eman du. Erietxeetan jarriko dira martxan, mailakatuta.

Haur jaioberri bat bahitu zuten urrian Basurtuko ospitalean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuen segurtasun protokoloak ikertuko zituela. Pazienteen Segurtasun Taldea egoera aztertzen aritu da, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du gomendio sorta bat eman dietela. Hala, erietxeetako amatasun unitateetan segurtasun neurriak zorroztuko dituzte, eta, beraz, baita Arrasateko ospitalean ere.

Hemendik aurrera, besteak beste, sistema bat jarriko dute ospitaleetako amatasun unitateetako sarrerako ateetan, eta langileek zein senideek identifikazio txartel elektroniko bat erabili beharko dute. Horrez gain, ospitaleetako sarbideetan ere hobekuntzak egingo dituzte, eta kamerak jarriko dira kanpoaldean.

Erabakiak, mailaka

Osasun langileen identifikazioari dagokionez, beharginek txartel bat eraman beharko dute soinean identifikaziorako, eta uniformeen zaintza ere zainduko da; hala nola, hobeto gordeko dira aurrerantzean jantzita, espazio itxietan. Are gehiago, haur jaioberriaren gurasoei ere esango zaie ez dutela inoiz haurra bakarrik utzi behar, eta geletan informazioa bermatuko da Ez utzi ni bakarrik protokoloaren informazioarekin.

Dena den, segurtasun neurri horiek guztiak, Sagarduiren arabera, ez dira aldi berean jarriko indarrean. Zazpi amatasun unitate daude guztira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta neurri batzuk martxan jartzen hasi dira jada horietan, baina, beste batzuk, geroago abiatuko dira, aldaketak egin beharko direlako azpiegituretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak