Debagoieneko BNI taldeak Sare iraunkorrak ehuntzen jardunaldiak antolatu zituen pasa den egubakoitzean, hilaren 11n, bosgarren urteurrena ospatzeko, Erronka berriei, erantzun berriak lelopean, eta antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldi "arrakastatsua" izan zen, "espero zutena baino jende gehiago" hurbildu zelako, besteak beste.
Garaia parke teknologikoan egin zuten ospakizuna, eta hainbat hitzaldik osatu zuten eguna. Batetik, Jokin Umerez Ternua Group-eko zuzendari nagusiak hartu zuen hitza, eta baita Elena Herrarte Debagoiena 2030eko koordinatzaileak ere. Besteak beste, D2030, enpresen lurralde atxikimendurako proposamena hitzaldia eman zuen. Are gehiago, Aritz Otxandiano Fagor Taldeko iraunkortasun arduraduna enpresek iraunkortasunerantz egin beharreko trantsizioaz jardun zen. Amaitzeko, luntxa egin zuten.