Errigoraren kanpaina amaituta, badator Euskaraldia

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 15a, 11:02

(Argazkia: errigora.eus)

Azaroaren 18an hasiko da Euskaraldia, Euskal Herriko milaka lagunek egingo duten ariketa sozial masiboa. Hala ere, oraindik bada izena emateko aukera, izenematea.euskaraldia.eus gunean. Errigoraren Bat egiteko garaia da lelopean egindako kanpainari esker, berriz, 13.000 saski banatuko dituzte hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko da Ager zonako euskalgintzaren egitasmoetara. Bi erakundeetako kideak batzartu dira Iruñean.

Iruñako Geltoki espazioan bildu dira gaur Errigorako eta Euskaraldiko kideak, izan ere, Errigoraren kanpaina bukatu berri da eta Euskaraldia lau egun barru hasiko da. Bi ekimenen inguruan hitz egiteko bildu dira, beraz, Errigorako kideak eta boluntarioak, batetik, eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak, bestetik.

Ibai Sueskun Errigorako kidearen hitzetan, "Nafarroa erdi eta hegoaldeko dozenaka nekazarik bildutako uztatik 24 ekoizlek saskietako produktuak jarri dituzte; Errigoraren ehunka boluntarioek mezulari eta eskaera biltzaile lanak egin dituzte; AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartea antolaketaren parte izan dira; hainbat eragile eta erakundek bat egin dute kanpainarekin eta milaka kontsumitzailek egin dute eskaera. Urrian, Ablitas eta Tuteratik Euskal Herriak bat egiteko luzatutako deiak erantzun bikaina izan du, beste behin. Euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultzaka segitzen du Errigorak, txikitik handira, modu praktikoan. Gainera, asteotan, Nafarroa bat egiteko nahia bera plazan izan da. Eztabaida gaiztoez harago, euskarak lurraldean mugarik ez izateko eta nafar guztiek eskubide berak izateko aldarria hedatu da".

200.000 euro gehiago izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko AEKren euskaltegietan bekak banatzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte osorako agenda zabala osatzeko.

Ibai Sueskunek azpimarra jarri du azaroaren 5ean Azkoienen izan berri diren Agerreko euskaltzaleen topaketetan. "Hunkigarria izan da nola bat egin duten euskaltzaleek, elkar ezagutu eta elkarrekin euskararentzako erronka zahar-berriak partekatzeko. Karkar, Zarrakastelu, Tutera, Mendabia, Biana, Lizarra, Kaseda, Zangoza, Oteiza, Tafalla, Kaparroso… Ager zonako herri eta eskualdeen ordezkaritza zabala batera eta ilusioz aritzea itzela izan da", azaldu du. Haren hitzetan, mugimendua saretzen ari da, Agerraldia; euskarari hauspo berria eman nahi duen mugimendua. Datozen asteotan eskuz esku iritsiko dira milaka etxetara saskiak, eta auzolan honek Euskaraldiarekin bete-betean bat egingo duela esanez bukatu du Ibai Sueskunek.

Euskaraldia, ate joka

Euskaraldia hasteko, berriz, hiru egun baino ez dira gelditzen eta Saioa Goñi Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan, ehunka herri, elkarte, entitate eta boluntario batu dira ariketa soziala aurrera ateratzeko antolaketan. “Mugimendu handia sumatzen da eta urteek ematen duten esperientzia ere nabari da ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean”.

Euskaraldian parte hartuko dutenek ariketa egingo dutela berresteko garaia da orain. Milaka belarriprest-ek eta ahobizi-k baieztatu dute jada ariketa sozialera batuko direla, baina oraindik egin ez duenak izenematea.euskaraldia.eus gunean egin dezake.

Euskaraldiari begirako erronkak, hizkuntza ohituretan eragiteko

Aurten, Euskaraldiak ariketaren inguruan belarriprest-ek eta ahobizi-ek izan ditzaketen erronkak ikusarazi nahi ditu. Horretarako, Zein erronka izango duzu zuk Euskaraldiak irauten duen bitartean? galdetu nahi izan die herritarrei. Goñik aditzera eman duenez, "askotariko erronkak dituzte herritarrek 15 egun hauetarako: buruan duzun lagun horrekin 15 egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehen hitza euskaraz egitea, okindegiko saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea… Aldaketa txiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan".

Ahobizi edo belarriprest izango diren guztiei egin die eskaera: "Grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipuarekin eta #HitzezEkiteko traola erabilita". Bestalde, Euskaraldiaren ikusgarritasunak garrantzi handia du ariketa egiteko unean, giroa sortu eta lasaitasuna ematen baitu euskaraz lasaiago mintzatzeko. Beraz, balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak jartzeko dei egin dute Euskaltzaleen Topagunetik, denda.euskaraldia.eus gunean daude salgai eta herrietako batzordeek ere salgai dituzte. Ikusgarritasun horrekin lotuta, ariketa egiteko hain beharrezkoa den txapa egunero paparrean jantzita eramateko dei egin du Goñik, "ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak