30.000tik 300 debagoiendarrak, Behobia-Donostia lasterketaren 57. edizioan

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko aza. 13a, 11:56

Antxintxika egiteko "beroegi" baina ikusteko giro aparta egin du gaurkoan Behobia-Donostia lasterketan. Katalanak nagusitu dira helmugan, Olotetik etorritako Nan Oliveras (01:01:29) izan da gizonezkoetan lehena, eta Cristina Silva (01:11:32) emakumezkoetan aurrenekoa, lasterketaren zati handiena bakarrik eginda. Bideoan Oliverasen helmugaratzea ikus daiteke, hain justu ere.

Giro eguzkitsua eta 21 gradu inguru zeuden Donostian lehen lasterkariak helmugaratu direnean, eta, dagoeneko debagoiendar ugarik zeharkatu dute meta. Horietako hainbat elkarrizketatzeko aukera izan du Goienako lan-taldeak. Gozatu izan da aurtengo leloa, denboren edo marken gainetik ondo pasatzea, eta parte hartu duten bailarako ordezkari askok ere horixe egin dute. 

Oliveras eta Silvarekin batera podiuma osatu dute Jesus Olmosek (01:01:59) eta Artur Bossyk  (01:02:01) gizonezkoetan, eta, emakumezkoetan Mireia Guarner (01:13:16) eta Elena Silvestre gipuzkoarra (01:14:02) sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren. Gizonezkoetan lehen gipuzkoarra Chakib Lachgar izan da (01:02:18), laugarren postuan helmugaratu da. 

Behin betiko sailkapenari itxaron beharko zaio bailarako ordezkarien artean lehenak zeintzuk izan diren baieztatzeko. Azken urteetan behera egin du debagoiendarren parte-hartzeak, baina hala ere, 57. edizio honetan ordezkaritza zabala egon da. 

Debagoienetik joandakoen emaitzak eta irudiak izan ahala eguneratuko da informazioa Goiena.eus-en. Gainera, astelehenean, Goiena telebistako Harmailatik saioan erreportaje osatua ikusteko aukera egongo da (21:30 / 23:30)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak