Tokikom sariak: 10 urteko ibilbidearen erakusleiho

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 11a, 08:23

Tokikom sortzeko batzarra, Eskoriatzako Huheziko Fakultatean, 2012an. GOIENA.

Gaur egingo da sarien banaketa, ArantzazuLABen, eta tokiko komunikazio proiektuen lanak sarituko dituzte. '10 urte, 10 ahots' dokumentala estreinatuko dute, eta mahai-inguru bat eta hitzaldiak ere egongo dira. 28 bazkidek osatzen dute Tokikom.

Hamarkada bat bete du aurten Tokikom taldeak, eta, hori aprobetxatuz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuetan jarriko dute arreta Tokikom sariak 2022 ekitaldian.

Gaur ospatuko dute, ArantzazuLABen, Elkarrekin bidea eginez lelopean, eta asmoetako bat da taldeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzea.

Alabaina, sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera baliatuko du taldearen hamar urteko historia laburbiltzen duen 10 urte, 10 ahots ikus-entzunezko lana estreinatzeko. Dokumentalean, euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatzen da, zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez. Eta tartean badira debagoiendarrak ere.

Lehen eskuko testigantzak

Euskaltzaleen Topagunearekin uztartu behar da Tokikom taldearen sorrera, halabeharrez, tokiko komunikabideek batzeko eta elkarrekin ekiteko beharra identifikatu baitzuten, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendari arrasatearraren arabera. "Euskal hiztunok egunerokotasunean euskaraz funtzionatzeko ezinbesteko rola betetzen zuten hedabideek", eta horregatik egin zituzten proiektuaren lehen urratsak, azaldu duenez.

Hain justu, Inazio Arregi oñatiarrari egokitu zitzaion Tokikomeko lehen zuzendaria izatea, aldi berean, Goiena Komunikazio Taldekoa izatearekin batera. Haren arabera, krisi ekonomikoak bultzatu zituen euskarazko hedabideak batzera, eta elkarlana izan zuten horretarako tresna lehen urteetan. Besteak beste, digitalizazioan jarri zuten arreta, formakuntzan.

Ordea, ordutik hamar urte igaro dira, eta egungo egoera ez da ordukoaren berbera. Egun, Alaitz Artolazabal da Tokikomeko zuzendaria, Joxe Rojas IKT eta komunikazio zuzendaria eta Iban Arantzabal elgetarra lehendakaria. Tokikomeko administrazio kontseiluko kide ere izandakoa da, eta Goienako zuzendaria da. Haren ustez, Tokikomen emandako pausoei esker "hobetzen eta efizienteagoak" bilakatzen joan dira tokiko komunikabideak, eta, horri esker, "zero kilometroko komunikazioan" dihardute.

Hala, gaur egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom taldea, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Orotara, 240 langilek dihardute lanean taldeko komunikabideetan, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristeko gaitasuna dute.

Erronkei begiratzeko unea

Dokumentalean, erronkak ere aipagai dituzte, eta, hain justu, horien inguruan hausnartzeko aukera egongo da sarietan, mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatu baitituzte goizerako. Esaterako, digitalizazioan jarri nahi izan dute arreta antolatzaileek, beste behin ere, eta etorkizunari begira horrek eskaini ditzakeen aukeretan talde gisa.

'Tokikom Sariak 2022' egitarau zehatza:

  • 10:00-10:45. Mahai ingurua: Tokikom 10 urte barru, non eta nola.
  • 10:45-11:15. Tokikom Sariak 2022 sari banaketa.
  • 11:15-11:45. Atsedenaldia.
  • 11:45-12:15. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: negozio ikuspegia. Publizitate eta paperetik, bestelako balio eskaintza baterako bidean.
  • 12:15-12:45. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: kazetaritza adar berriak.
  • 12:45-13:15. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: adimen artifiziala.
  • 13:15-13:30. Ondorioak eta agurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak