Hamarkada bat bete du aurten Tokikom taldeak, eta, hori aprobetxatuz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuetan jarriko dute arreta Tokikom Sariak 2022 ekitaldian. Egubakoitzean ospatuko dute ArantzazuLABen, Elkarrekin bidea eginez lelopean, eta asmoetako bat da taldeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzea.
Alabaina, sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera baliatuko du taldearen hamar urteko historia laburtzen duen 10 urte, 10 ahots ikus-entzunezko lana estreinatzeko. Dokumentalean euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatzen da, zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez. Tartean, badira debagoiendarrak ere.
Egitarau zabala
Hamar urteko ibilbideari zein aurrera begirako erronkei behatzeko, sariez gain, egitaraua ere antolatu dute. Besteak beste, Tokikom 10 urte barru, non eta nola mahai ingurua egingo dute, eta digitalizazioaren erronketan ere jarriko dute arreta, talde gisa izan ditzaketen aukeretan. 09:00etan hasiko dira ekintzak, eta 13:30ean amaituko dira.
Tokikom Sariak 2022, egitarau zehatza:
- 10:00-10:45. Mahai ingurua: Tokikom 10 urte barru, non eta nola.
- 10:45-11:15. Tokikom Sariak 2022 sari banaketa.
- 11:15-11:45. Atsedenaldia.
- 11:45-12:15. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: negozio ikuspegia. Publizitate eta paperetik, bestelako balio eskaintza baterako bidean.
- 12:15-12:45. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: kazetaritza adar berriak.
- 12:45-13:15. Hitzaldia: Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: adimen artifiziala.
- 13:15-13:30. Ondorioak eta agurra.