Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek bigarren asanblada egingo dute azaroaren 18an Gasteizen, eta bertan parte hartzera dei egin dute, Bergaran.
Guztira, lau izango dira landuko dituzten gaiak: emakumea eta prekarietatea; alarguntza pentsioa; andre migratzaileen prekarietatea; eta lan feminizatuetako borrokak. Baina izango da tartea hausnarketarako eta eztabaidarako ere, Prekarietaterik ez soldatetan ezta pentsioetan lelopean.
Izan ere, mugimenduko kideek uste dute prekarietatearen gaiari heltzeko unea dela, eta batik bat emakume pentsiodunenari. "Askok miseria-pentsioak kobratzen dituzte izan dituzten enplegu prekarioen ondorioz, soldata baxuen ondorioz… Eta gauza bera gertatzen da alarguntza pentsioarekin, 63.000 alargun inguruk 1.080 euro baino gutxiago kobratzen baitute".
Batzarraz gain, protesta
Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean landuko dituzte gai horiek, 10:30etik 13:00etara bitartean, eta, ostean, elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Hain justu, manifestu bat irakurriko dute bertan.