Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak antolatuta, manifestazioa egin dute gaur Bilboko kaleetan Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Hezkuntza Legearen aurka egiteko, eta, aldi berean, euskal eskola publikoaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko, Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez! lelopean. Eta, hainbat izan dira asteon mobilizazioarekin bat egin duten Debagoieneko ikastetxeak ere.
Hain zuzen, mobilizazioko aldarri nagusia gogoan, deialdia babestu dute argazki baten bidez, besteak beste, Bergarako San Martin eskolak eta Eskoriatzako Luis Ezeizak.
Egindako eskariak
Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean hasi da manifestazioa, eta Bilboko Udalean amaitu da ibilbidea. Bertan irakurri dute mezua, eta antolatzaileek ohartarazi dute Jaurlaritza ontzen ari den legea "pribatizatzailea" dela, eta, beraz, sare publikoa hedatzea eta indartzea izan da euren aldarri nagusienetariko bat, legearen erdigunean horrek beharko lukeela egon nabarmenduta. Are gehiago, euskarazko murgiltzearen defentsa ere egin dute, eta baita erlijioa eskolatik ateratzearen aldeko eskaria ere.