Mondragon Unibertsitateak eta AZK-k markari buruzko jardunaldi bat egin dute

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 3a, 11:15

Urriaren 28an egin zuten, Eskoriatzako Campusean, Hau da marka! Nola bereizi zure ikastetxearen marka? izeneko jardunaldia. Markak ikastetxeetan duen garrantziarekin lotutako zenbait alderdi jorratu zituzten AZK agentziak eta Mondragon Unibertsitateak, eta berrogeita hamar lagun inguruk hartu zuten parte.

Urriaren 28an, Mondragon Unibertsitateak eta AZK agentziak Hau da marka! jardunaldia egin zuten Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako Campusean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi hartan, ikastetxearen marka nola bereizi aztertu zuten, eta berrogeita hamar lagun inguruk hartu zuten parte: ikastetxeetako irakasleak eta zuzendariak eta unibertsitateko ikasleak.

Jardunaldiaren bidez irakasleei adierazi nahi izan zitzaien garrantzitsua dela marka sendoa izatea eta marka horren balioekin koherente jokatzea, ez gainerako ikastetxeetatik bereizteko bakarrik, baizik eta ikastetxea bera posizionatzeko eta indartzeko ere bai. 

Hizlariak

Jardunaldiak bi zati izan zituen. Lehenbizikoan, Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak hasi zuen jardunaldia. Adierazi zuenez: "Hamarkadak daramatzagu ikastetxeekin elkarlanean eta hezkuntza-berrikuntzan lanean. Jardunaldi honekin, eragin integralagoa izan nahi dugu, ikastetxeok gauzatzen duten komunikazioa hobetzen laguntzeko".

Ipiñaren hitzaldiaren ondotik, Kataluniako Comuniza komunikazio-agentziako Olga Llopisek hartu zuen hitza, eta erakundeen komunikazioan kontuan hartu beharreko ezaugarriak aztertu zituen; esaterako, erabiltzailea definitzea eta produktu edo ideia bati nola forma eman. "Hezkuntza-berrikuntza eta halako argudioak eskas geratu zaizkigu. Are gehiago, edozein ikastetxek berez eduki behar ditu atributu horiek. Erabaki behar da pertenentzia-ardatza landu behar den edo desberdintze-ardatzari heldu behar zaion. Ez dira ukitu behar nortasunaren oinarrizko elementuak; desberdintzea erabiltzailearen esperientziatik etor daiteke, ez, nahitaez, irudi grafikotik. Marka ez da logotipo-kontua, nortasun-kontua baizik".

Arrakasta-kasuak

Eztabaida-saioaren ondotik, arrakasta-kasuak entzuteko txanda izan zen. Hiru kasu aurkeztu zituzten. Lehenik eta behin, Ainhoa Permach Martinek hitz egin zuen, San Fermin Ikastolako komunikazio-arduradunak. Azaldu zuen Iruñeko ikastolak nola berritu zuen marka duela urte gutxi, eta zer onura ekarri dizkion zentroari. Hauxe kontatu zuen: "Marka eraldatzeko prozesuari ekin genionean, komunikazioa arlo estrategikoa –arlo pedagogikoa bezain estrategikoa– dela ulertzea izan zen lehen urratsa. Prozesuak, gainera, kontzientzia pizten lagundu du, kolektibo osoa jabetu baita komunikazioaren garrantziaz".

Jarraian, Lukene Igartua Egaña Oñati BHIko ikasketa-zuzendariaren txanda izan zen, eta ikastetxe horren marka indartzeko erabilitako gakoak azaldu zituen. "Oñatiko ikastetxe guztiak batzeko marka berria sortzea izan zen gure prozesuaren lehenbiziko urratsa. Urgain izena aukeratu zuten. Logotipoa, leloa eta kontakizuna sortu genituen", azaldu zuen Igartuak.

Aurkezpen-saioak amaitzeko, Pello Agirrezabalek hitz egin zuen, Tolosako Herrikide ikastetxeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zuzendari ohiak. Ikastetxe horrek berriki eginiko rebranding esperientzia partekatu zuen. Hauxe azaldu zuen: "Marka berria sortzea etengabeko lana da. Guk gainerakoetatik bereizten gaituzten ezaugarrietan ipintzen dugu arreta. Eta, hiru zentro desberdin izan arren, esparru berean elkartzen asmatu genuen: adimen emozionalaren pean".

Aurkezpenen ostean, eztabaida-saioa izan zen hizlarien eta topaketan parte hartu zutenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak