Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eman ditu xehetasunak, Alfredo Etxeberria Bidegi foru-sozietateko zuzendariarekin batera egindako prentsa-agerraldian.
Plan berriarekin, garraio publikoak % 63raino murriztuko du bidesariaren zenbatekoa, eta gutxien kutsatzen duten salgaien garraioek % 25erainoko deskontuak lortu ahal izango dituzte, motorraren kalifikazioaren arabera. Autonomoek, % 13rainoko deskontua izan ahal izango dute bidesarietan, egindako bidaia kopuruaren arabera. Maiztasunagatiko deskontu hori salgaien garraioari eta bidaiarien garraioari ere aplikatuko zaie. Ibilgailu arinei dagokienez, guztiek, jatorriagatik bereizketarik egin gabe, Abiatu gailuaren erabiltzaileek gaur egun dituzten deskontuak baliatu ahal izango dituzte.
Onuradun ere, Gipuzkoatik kanpo bizi direnak
Gipuzkoako mugikortasun-plan berrian ibilgailu arin guztiak ere sartzen dira, jatorria edozein dela ere, eta Abiatu gailua zuten gipuzkoarrek orain arte jasotzen zituzten laguntza berberak jasoko dituzte, 35,25 euroko gastu-muga barne. Diputatuak gogorarazi duenez, dagoeneko deskontu horiek dituzten gipuzkoarrez gain, neurri horien onuradun handienak honako hauek izango dira: egoitza Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean izanik, lantokia Gipuzkoan duten erabiltzaileak.