Soraluzeko Errabal elkarteak laugarrenez antolatu duen Blues hotsak jaialdian, euskal zein nazioarteko musikarien kontzertuak izango dira Soraluzeko Herriko Antzokian. Goienakideek sarreren zozketan parte hartzeko aukera izango dute, ohiko bideak erabilita.
Azaroaren 17an abiatu eta 20ra bitartean, blues estiloko artisten eta zaleen topagune izango da Soraluze. "Azaroaren 19an, iaz osasun kontuengatik bertan behera geratu zen Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldearen emanaldia berreskuratuko dugu; bezperarako, Arrasaten jaiotako Itziar Yagüe Paul San Martinekin batera gonbidatu ditugu; eta azaroaren 20an, Carlton Jumer Smith abeslari, konpositore, ekoizle eta aktorea. Motorrak berotzeko, bihar, domeka, Steve Krase amerikarra The Travellin' Brothers taldearekin batera izango da, 19:00etan hasita, Herriko Antzokian", diote antolatzaileek.