Gaur gauerditik aurrera murrizketak eta debekuak aktibatuko dituzte, basoko sute-arriskuagatik

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 26a, 16:50

(Argazkia: irekia.euskadi.eus)

Neurri hori hartu dute, basoko sute-arrisku handia dagoelako tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz. Neurria aktibatuta egongo da sute-arriskuagatik alerta laranja aktibatuta dagoen bitartean. Murrizketa hauek ez betetzea arau-hauste "larritzat" edo "oso larritzat" jo daiteke, eta, besteak beste, 1.501 eta 30.001 euro arteko isunekin zigor daiteke. 

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak gaur gauerditik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko Kantauri isurialdeko barnealdean eta kostaldean murrizketak eta debekuak aktibatzeko ebazpena eman du. 

Eusko Jaurlaritzak erabaki hori hartu du basoko sute-arrisku handia dagoelako tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz. Horregatik, ahalik eta gehien mugatu nahi dira arrisku larria eragin dezaketen erabilera eta jarduketa jakin batzuk, kostaldeko eta Kantauri isurialdeko barnealdeko landa-ingurunean eta ingurune ez-urbanizagarrian.

Murrizketa eta debeku guztiak aktibo egongo dira Euskalmetek ezarritako alerta laranja mantentzen den bitartean, Basoko Suteetarako Larrialdietako Plan Berezia aktibatuta dagoen bitartean eta Segurtasuneko sailburuordeak beste ebazpen bat eman arte, eta uste da igandean emango duela, egoera meteorologikoaren bilakaeraren arabera.

Debekuak eta murrizketak

Larrialdi-egoera hori indarrean dagoen bitartean, honako murrizketa eta debeku hauek ezarriko dira osteguneko –urriak 27– 00:00etatik landa-ingurunean eta ingurune ez-urbanizagarrian:

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
  • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik eta edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
  • Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezaketen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.

Arau-hausteak

Gaur hartutako erabakiaren arabera, gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste "larritzat" edo "oso larritzat" jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eta 30.001 euro arteko isunak daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak