Euskaraldia hasteko hilabete eskas falta da eta jada nabari da ariketaren presentzia Euskal Herriko herri eta auzoetan. Horren adibide da herriz herri dabilen Euskaraldiaren gune ibiltaria.
Irailaren 17an ekin zion bideari furgonetak, eta, ordutik, Orio, Portugalete, Gasteiz, Sopela, Ziburu, Altsasu, Lizarra eta beste hainbat herri bisitatu ditu. Gunearen helburua bikoitza da: batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa eman eta izen-emateak bilduta; eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute, aholkuak eta bestelako pilulak emanez.
Ostegunean -urriak 27-, Oñatira helduko da Euskaraldiaren furgoneta, eta Debagoienako lehen herria izango da hark eskainiko dituen informazio eta prestakuntzaz baliatzen. Azaroan, berriz, Arrasateren -azaroak 11- eta Eskoriatzaren -azaroak 19- txanda helduko da.
Informazioa eta prestakuntzaz gain, denda ere izango dute bertaratzen direnek. Kamisetak, poltsak, jertseak… probatzeko aukera izango da –https://denda.euskaraldia.eus gunean ere eskuragarri–; eta bertan egongo dira Euskaraldiko banderatxoak ere salgai, ariketari ikusgarritasuna ematea oso garrantzitsua baita, ingurune abegikorrak sortu eta ariketa eroso egiteko. Beraz, bertan izango dira salgai –baita webguneko dendan ere–, etxeetako balkoietan eta entitateetako erakusleihoetan jartzeko.