Toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen dira Tokikom Sarietan eta aurten, sortu zeneko hamargarren urteurrena izanda, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dira, "Elkarrekin bidea eginez" leloaz. Tokikom-eko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz egingo dute.
Sariak banatzeaz gain, Tokikom-ek aukera aprobetxatuko du taldearen hamar urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko da, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez. Horrez gain, goizean zehar hainbat mahai inguru izango dira, Tokikom osatzen duten toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: Tokikom-en izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak… Saio horietan, taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dituzte.
74 hedabide Tokikom barruan
Egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Guztira, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur-gaurkoz, Tokikom taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.
Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari dira 2023ko lehen hiruhilekorako.