Maileguz ematen dituen laguntza-produktuen katalogoa handitu egin du Debagoieneko Gurutze Gorriak

Mirari Altube Arrese 2022ko urr. 24a, 16:38

Javier Igartua hainbat materialekin.

Aldi baterako doako mailegu-zerbitzurako produktuen zerrenda handitu egin du Debagoieneko Gurutze Gorriak. Ortesi –errehabilitaziorako materiala– eta geriatriako 36 produktutara zabaldu dute katalogoa, Oñatiko Udalaren dirulaguntza bati esker.

Aldi baterako mailegu-zerbitzua doakoa da eta urte batzuetatik hona eskaintzen du Debagoieneko Gurutze Gorriak; dagoeneko 100 mailegu baino gehiago egin dira. Zerbitzua gero eta ezagunagoa dela adierazi dute, eta ondorioz, gero eta pertsona gehiagok eskatzen dutela. Gehien eskatzen direnak dira gurpildun aulkiak, taka-takak eta makuluak: "Izan ere, gehienetan, produktu horien beharra ustekabean sortzen da".

Gurutze Gorriak maileguan emateko dituen produktuen artean honakoak daude: lau gurpil-aulki, bost taka-taka, hamazortzi makulu, hiru makila eta garabi geriatriko bat.

Maileguaren ohiko iraupena hiru hilabetekoa izaten da, baina beharrezkoa izanez gero luzatu egin daitekeela adierazi dute: "Guztiz doakoa da, eskatzen diren baldintza bakarrak dira produktua zaintzea eta premia amaitu bezain laster itzultzea, baldintza onetan".

Partikularren eta enpresen dohaintzak

Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak azaldu du partikularrek eta enpresek dohaintzan emandako materiala dela mailegutzara bideratutakoa: "Egoera onean dauden eta erabiltzeari uzten dioten pertsona partikularrek egindako dohaintzak dira, baita inguruko erakunde eta enpresen beste dohaintza batzuk ere". Era berean, material horren beharra dutenak eskaera egitera gonbidapena ditu: "Edonor jar daiteke harremanetan Gurutze Gorriarekin, produktu horietakoren bat eskatzeko".

Mailegu-eskaerak zein material-dohaintzak zuzenean Debagoieneko Gurutze Gorrira deituta egin daitezke: 943 76 55 76 zenbakira deituta edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikora idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak