Derbi baten osagai guztiekin, Arrasatek mendean hartu du Bergara (30-26)

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 23a, 10:46

Urteak egin dituzte Mugarri Ingouk eta Soraluce BKEk ligan elkarren kontra jokatu barik, eta orain, derbi horretaz gozatzeko aukera izan dute Iturripeko harmailetan batu diren zaleek. Tentsioa egon da, joko fisikoa, eta harmailetan taldeek babesa izan dute. Derbi baten osagai denak, horrenbestez. Harmailatik saioan, partiduak emandakoa, zabal (astelehena, 21:30).

"Zentzuz jokatzen duenak, eta derbia benetan irabazteko gogoz dagoenak asko izango du eginda", zioen Ane Herrero entrenatzaile arrasatearrak, partidu hasieran. "Azken urteotan ez dugu arrasatearren kontrako derbirik izan, horrenbestez, ez dugu beste urte batzuetako pikeen zama. Baina derbia da, oraingoz lasai gaude, baina ikusiko dugu gero", zioen Bergarako entrenatzaile Joseba Elorzak. 

Eta derbia animatzen joan da, bai. Arrasatekoek jarri dute baloia jokoan, eta lehenengo aukera ez dute alperrik galdu (1-0). Bergarakoak hasierako minutu horietan ez dira hotz kantxaratu, gola jasotzeaz batera segituan jarri dute baloia jokoan, partiduari erritmo bizia ezarriz. Minutuek aurrera egin ahala, baina, bereziki defentsan erraztasun handiak ematen hasi dira, eta Arrasatekoek traba handi barik egin dituzte atera jaurtiketak (11-7, 13-8). Arrasatekoen atean, kontrara, defentsan sendoago egiten dute lan, eta atepean Xabier Lizarralde gaueko protagonistetako bat izan da, geratu zitekeen guztia geratu du.

Hala, lehenengo zatia gol errenta politarekin amaitu dute arrasatearrek (19-13), eta bigarren zatian mahoneroek gogotik egin behar zuten lan markagailua iraultzeko. Bada, hor egon da Joseba Elorzaren mutilen meritua, denbora osoan atzetik joanda ere ez dutela amore eman, lehiakorrak izan dira partidu amaierara arte, eta ez ditzute lehenengo zatiko abantailak eman.

Derbiko anekdota, epaileak zale koadrila kanporatu du  

Arratsaldeko anekdota 7. minutuan etorri da. Epaileak partidua geratzea erabaki du harmailetan gustokoa ez zuen zerbait ikusi zuelako. Zera idatzi du aktan: "Mahaiari jokoa eteteko eskaera egin diot, irainka zebilen zale koadrila bat kiroldegitik kanporatzeko". Hala, Ane Herrero entrenatzaile arrasatearra –kantxako arduradun moduan– zaleengana gerturatu behar izan da, eta kiroldegitik joateko eskatu. Kasu honetan zale bergararrak ziren, eta erabakia onartuta kantxa utzi dute, minutu batzuetara bueltatzeko: "Ez da askotan hartzen dudan erabakia, baina ez da lehenengo aldia ere. Gero ikusi dut harmailetara bueltatu direla ostera ere, eta ez da arazorik egon. Kanpora joan dira, lasaitu egin dira, eta beste jarrera batekin bueltatu dira, ez da egon arazo gehiago", adierazi dio GOIENAri partidu amaieran Ibon Amilibia epaileak. Josetxo Muniategiri entrenatzaile bergararrari larregikoa iruditu zaio erabakia, eta haserrearen aurrean epaileak txartel horia erakutsi dio.

Bada, eten horren ostean oraindik partidua geratzen zen, 23 minutu zehazki. Eta minutu horietan bergararrek estutzen jarraitu dute, aldea txikitu nahian. Herrerok partidu ostean aitortu moduan, baina, "Gaur bai, talde moduan jokatu dugu, eta hor egon da garaipenaren gakoa". Esandakoa, mahoneroek lau goleko errentara txikitu dute aldea, baina ez dute arrasatearren garaipena kolokan jarri (30-26). "Lehenengo zatian 19 gol jasotzea... Kopuru altua da. Hori zuzendu behar dugu Munttarperen kontra ere gauza antzerakoa gertatu zitzaigulako, gure jokoa egiten hasi barik kontrarioak zelan jokatuko duen begira geratzen gara edo... Bigarren zatiarekin geratzen naiz, behera egin barik partiduan jarraitu dugu", adierazi dio GOIENAri Alatz Etxebarriarteunek. 

Atzoko derbiaren ondoren arrasatearrek hirugarren postura egin dute salto (6 puntu) eta bederatzigarren lekuan daude bergararrak (2 puntu). Hala, astelehenean Harmailatik saioan (21:30) zabal landuko dute derbiak emandakoa.

Erlazionatuak

Derbiak emandakoa, irudietan

Imanol Beloki Unamuno 2022 urr 23 Arrasate   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak