Sailkapenaren zuloan daude lautik hiru

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 21a, 16:33

Aretxabaletak Zarautz –irudian, iazko partiduan– hartuko du domekan.

Aspaldiko urteetan ez da halakorik gertatu, gizonezkoen ohorezko erregional mailako seigarren jardunaldiko sailkapenak erakusten du Bergara, Mondra eta Aretxabaleta direla, oraingoz, ligako hiru talde txarrenak. Aloña Mendi da salbuespena. Emakumezkoetan, berriz, Leintz Arizmendik lider dagoen Reala hartuko du domekan Azkoagainen.

Gizonezkoen ohorezko erregional mailan, Debagoieneko lau taldeetatik hiru sailkapenaren azken postuetan daude. Orain arte jokatu dituzten sei partiduetan Aretxabaletak bakarrik lortu du partidu bat irabaztea –hirugarren jardunaldian, Bergararen kontra (3-2)–, eta horri esker dira Calzonen mutilak, sailkapenaren zuloan daudenen artean, ondoen daudenak. Itsuen herrian begibakarra alkate.

Aretxabaletakoek lau puntu dituzte, Lagun Onaken kontrako berdinketak beste puntu bat eman zielako, baina Aloña Mendik, Amaikak Batek, Eibarrek eta Añorgak irabazi egin zieten. Ez da liga hasiera ona, eta, esan moduan, Mondra eta Bergara okerrago daude, pentsa. Mondrak eta Bergarak oraindik ez dute partidurik irabazi. Zuri-moreen kasuan, hiru puntu batu dituzte, Bergararen, Eibarren eta Añorgaren kontra berdindu eta gero. Partidu horietan pauso batera izan dute garaipena, eta kategoriako oilar izan daitezkeen Eibarren eta Añorgaren kontra partidu ona egin izanak arnasa eman zien. Horrekin batera, galdu dituzten beste hiru partiduak ere gol bakarreko aldeagatik galdu dituzte. Esperantzari eusteko datuak dira horiek, baina puntuak hirunaka batzen hasteko ordua da. Eta Bergarak ere beste horrenbeste egin behar du, norberaren burua sailkapenaren azken postuan ikusteak mentalki ordaina izaten duelako. Mahoneroek puntu bakarra batu dute, Mondraren kontrako derbian (0-0), eta horiek ere galdu dituzten bost partiduak gol bakarragatik galdu dituzte. Inor ez da Bergara baino askoz nagusiago izan, baina kontrarioa baino gehiago izateko ordua iritsi da.

Aloña Mendi da salbuespena

Oñatiko taldea bestelako egoeran dago. Lehenengo lau partiduetatik hiru irabazi eta gero, sailkapenaren aurrealdeko postuetara egin zuten segituan. Seigarren daude, postu erosoan. Hala, Aretxabaletak Zarautz hartuko du domekan (16:30, Ibarra), eta etxetik kanpora jokatuko dute beste hiru ordezkariek. Mondrak Zumaian jokatuko du zapatuan (16:00), Tolosan Aloña Mendik (16:00) eta Oiartzunen Bergarak (15:45).

Reala izango da Leintz Arizmendiren kontrarioa

Emakumezkoen ohorezko erregional mailan Realaren bisita izango dute Leintz Arizmendiko neskek domekan (16:30, Azkoagain). Donostiarrek orain arteko partidu guztiak irabazi dituzte (5), eta, gainera, 30 gol egin dituzte. Leintz Arizmendi ere ondo dabil, bost partidutatik lau irabazi dituzte. Atzealdean dabilen Bergarak, berriz, Zumaiako hartuko du zapatuan (16:15, Ipintza).

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak