Gipuzkoako Txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko dute elkarren aurka bihar Mugarri Ingou Arrasatek eta Soraluce BKEk. Etxekoak bi partidu irabazita eta bakarra galduta iritsiko dira hitzordura; mahoneroak, berriz, bakarra irabazita eta bi galduta. Orain arte ez dira lehiatu bata bestearen aurka, eta jada pasatu da urtebete Iturripen bailarako senior mailako taldeen arteko neurketa bat jokatzen ez zena –Euskal Ligan dagoen Fagor Industrial Aloña Mendi izan zen bisitaria orduan–.
Arrasate Eskubaloikoak ondo moldatu dira liga berrira; etxetik kanpo bitik bi irabazi dituzte: lehena Aritzbatalderen kantxan eta bigarrena Txingudirenean. Galdutako partidu bakarra lider doan Saiekoren kontura izan zen, puntu bakarreko aldeagatik: "Maritxu Kajoiko asteburua izan genuen, eta kontu ugari batu zitzaizkigun: guk oker egindakoak eta haiek asmatutakoak", adierazi du Ane Herrerok, Mugarri Ingouko entrenatzaileak.
Fisikoan dago gakoa
Jokalariek "bigarren zatietan" eman dute euren onena: "Lehenengo zatiak nahiko parekatuak egin ditugu, eta aurkarien jokora ohitu garenean hasten gara partiduak aurrera ateratzen". Herrerok "taktikoki eta fisikoki indartsu" ikusten ditu mutilak, motibatuta, bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere: "Gure lana da daukagun baliabideekin partiduek zer eskatzen duten jakitea; gai gara baloia pibotarengana zein hegaletakoengana eramateko, kanpoko jaurtiketan trebeak gara eta bat baten aurka ere moldatzen gara".
Ezaugarri horiek baliatzen badituzte, Mugarri Ingou sailkapenaren goialdean egoteko hautagaietako bat izango delakoan dago Herrero, "Ordizia, Saieko, Urola eta Andoainekin batera, besteak beste". Normalean, Euskal Ligarako igoera fasea Gipuzkoako txapelketako lehen lau talde onenek jokatzen dute, baina oraindik ez dakite aurtengo formatua zein izango den. Dakitena da etxeko lehen garaipena eskuratu nahi dutela, baina, horretarako, bergararrek baino neurketa borobilagoa egin beharko dute Iturripeko kantxan zapatu iluntzean.
"Ez daude bi puntu soilik jokoan"
ANE HERRERO
INGOU MUGARRIKO PRESTATZAILEA
Oñatiarrekin iaz egin bezala, bergararrekin jokatuko dute aurten derbi pare bat, gutxienez.
Mahoneroen neurketaren bat ikusi al duzu?
Ez dut aukerarik izan, baina, beti bezala, lan egin beharko dugu beraiek mendean hartzeko.
Gainontzekoen antzerako partidu bat izango da?
Derbiak beti dira derbi. Berdin dio sailkapenean ze diferentzia dagoen, liga hasiera edo amaiera den, talde bakoitzak nola jokatzen duen... Bizilagunaren aurka jokatzen duzunean, bi puntu baino gehiago egoten dira jokoan. Orain arte, makalaldiren bat salbu, ondo irakurri ditugu norgehiagoketako uneak; ea joera horri jarraipena ematen diogun.
"Erritmo bizia ezartzea da erronka"
JOSEBA ELORTZA
SORALUCE BKE-KO PRESTATZAILEA
Iaz hartu zuen senior mailako taldea entrenatzeko ardura 26 urteko Joseba Elortza bergararrak.
Aspaldi derbirik jokatu gabeak zarete. Zer espero duzue?
Bi taldeok ez dugu elkarren berririk, eta zaila da pronostikoa egitea. Guk liga hasi zenetik hona lortutako aurrerapenen bidetik segi nahi dugu.
Lehen bi neurketak galdu zenituzten; joan den astekoa irabazi.
Hobera egin dugu. Lehen jardunaldian ez ginen ondo sartu partidura, eta, azkenerako, beranduegi zen markagailua iraultzeko; bigarrenean, berriz, azken hogei minutuetan egin ziguten ihes bi puntuek. Azkenekoa irabaztetik gatoz, erritmo bizian jokatu genuelako une oro.