Bularreko minbizia ikusarazten dihardute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 21a, 12:00

Lazo arrosa jarri zuten domekan Bergarako udaletxeko balkoian.

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira, mahai informatibo bat jarriko du Katxalin elkarteak bihar Bergaran. Hilaren 30ean egingo den martxa solidarioan izena emateko aukera egongo da, eta lortutako dirua Biodonostiara bideratuko da.

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izan zen eguaztenean, eta, eritasuna ikusarazten dihardu Katxalin elkarteak. Lazo arrosa daraman kartela zintzilikatu dute asteon Bergarako eta Antzuolako udaletan, eta elkarteak erakusleihoak, balkoiak eta terrazak arrosez apaintzeko dei egin du.

Hain justu, Gipuzkoako bularreko eta ginekologiako minbiziak kaltetutako emakumeen elkartea da Katxalin. Donostian du egoitza, eta, egun, zazpiehun bazkide baino gehiago ditu. 2014an zabaldu zuen egoitza Bergaran, eta Maite Valle da koordinatzailea.

Bihar, informazio mahaia

Hala, elkarteak egiten duen lanaren berri emateko eta aurrerantzean egingo dituzten ekintzak azaltzeko, mahai informatiboa jarriko dute bihar Bergarako Irala kalean.

Elkarteko kideetako bat da Gurutze Corrales, eta, azaldu duenez, kamisetak izango dituzte, batik bat, salgai. "Martxa bat egingo dugu hilaren 30ean, eta horretarako dira. Ateratzen dugun dirua, berriz, Biodonostiara bideratuko da". Haren hitzetan, urtero bidaltzen dute zenbateko bat bertara, adibidez, bularreko minbiziaren alorrean ikerketa kliniko batzuk aurrera eraman ahal izateko.

Are, biserak eta kantinplorak ere salduko dituzte, eta, loteria. Hiru euroren truke eskuratu ahalko da, eta irabazi hauek ere ikerketa zentro berberera bideratuko dituzte. Dena den, abenduaren 22ra arte ez da jakingo nor den irabazlea.

Horrez gain, Corralesek nabarmendu du Goizper Taldeak dirulaguntza bat eman diela hori guztia aurrera eraman ahal izateko, eta kantitate "handi bat" ikerketara bideratuko dutela.

Martxa, urriaren 30ean

Urriaren 30ean, berriz, martxa solidarioa egingo da Donostian. 11:00etan hasiko da Alderdi Ederren, eta, guztira, bost kilometroko ibilbidea egingo dute, "marea arrosa" sortzeko. Beraz, parte hartu nahi duenak izena emateko aukera izango du informazio puntuetan, eta baita www.katxalin.org webgunean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak