Finkatutako helburuak betetzen ari dela adierazi du Sarek

Uxue Igarza Loiola 2022ko urr. 8a, 15:56

Sare Herritarrak deituta, milaka lagun elkartu dira gaur Donostian, "urruntze politikekin bukatzea" eta "eskubide urraketa etetea" exijitzeko. Data berria ere jarri dute mahai gainean; urtarrilaren 7an Bilbora joateko dei egin dute. 

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko prozesuan egindako "lorpenak" txalotu ditu gaur Sare Herritarrak Donostian: "Inork ez zigun esan erraza izango zenik. Bagenekien hamarkadetan zehar euskal presoak  pairatzen ari diren eskubideen urraketari amaiera ematea zaila izango zela, baina pixkanaka mugarri berrietara iristen ari gara".

Presoak Euskal Herrira gerturatzea "ahalegin kolektibo baten emaitza" izan dela azaldu dute, eta hori mobilizazioekin, parlamentuetara eskariak egiten edota euskal sindikatu, erakunde eta pertsonekin hitz eginez lortu dela, besteak beste: "Norabide berean eman ditugu urratsak, aliantzak sortuz eta elkarrekin bultzadak emanaz. Pozgarria da, bakea eta bizikidetza erdiesteko bide luze honetan egindako lorpena baita". 

Halere, oraindik "urruntze politika" amaitu ez dela azpimarratu dute, eta Espainiako espetxeetan dauden 37 presoak ekarri dituzte gogora: "Urruntze-politika oraindik ez dela amaitu esateko 50 arrazoi baino gehiago ditugu. Izan ere, oraindik ere Espainiako eta Frantziako kartzeletan euskal herritarrak preso egoten jarraitzen dute".

Gauzak horrela, mobilizatzen jarraitzeko dei egin du Sare Herritarrak eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioaren berri eman du. "Eskubideak defendatzen ari gara. Giza Eskubideak. Eta horregatik ideologia politiko desberdinak ditugun pertsonok bidea elkarrekin egin dezakegu; askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideen defentsak batzen gaituelako. Hau da jarraitu beharreko bidea", nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak