Donostian amaituko du Sarek, zapatuan, 'Izan bidea' dinamika

Hasier Larrea 2022ko urr. 7a, 12:14

Aurten egingo duen "mobilizazio eta jaialdi handiena" antolatu du Sarek biharko, hilak 8. Euskal presoak etxetik "gero eta gertuago" daudela baina oraindik ere salbuespena guztiz amaitzeko bidea "egiteke" dagoela adieraziko dute.

Etxera bidea gertu! lelopean, egun osoko egitaraua prestatu du, Donostian, biharko, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiten duen Sare erakundeak. 11:00etan batuko dira, Bulebarrean, Izan bidea dinamikako azken kilometroa egiteko: "Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean, Euskal Herriak duen biztanle kopurua kilometroetan egitea izan da dinamikaren helburua: 3.127.326 kilometro, hain zuzen; banaka edo taldeka, korrika, oinez zein bizikletan egiteko aukera egon da, sakelakoan Izan bidea aplikazioa deskargatuz", azaldu dute bailarako Sareko kideek.

12:00etan, "manifestazio koloretsua" hasiko dute Pio XII.a kalean, eta Ilunberantz zuzenduko dira, bertan izango direlako, hurrenez hurren, ekitaldia eta jaialdia. Izan ere, arratsalderako, txosnagunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea, bertso-saioa eta kontzertu eskaintza zabalaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek –sarrerak asteazkenean agortu ziren–.

Bost autobus bailaratik

Debagoiendar ugarik egingo dute bat Sareren ekitaldiarekin. Bihar, 10:00etan, irtengo dira autobusak, Arrasate, Bergara eta Oñatitik, eta bueltatzeko bi aukera egongo dira, lehena 20:00etan eta bigarrena 02:30ean. Aretxabaletatik, gainera, Ilunbeko jaialdira zuzenean joateko autobusa antolatu dute.

Sareko kideak "pozik" daude Izan bidea dinamikak bailaran jaso duen babesarekin: "Hainbat ekimen egin ditugu, hala nola bertso saioa, mendi tontorren igoera eta Degurixatik etxerako bidean ardien jaitsiera".

Urriaren 8ko ekimen eta jaialdiarekin itxiko dute Izan bidea dinamika: "Euskal presoak etxetik gero eta gertuago egotea aurrerapauso garrantzitsua dela adieraziko dugu, eta eskerrak eman, bide batez, bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei; bestetik, oraindik ere salbuespena guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula gogoratuko dugu". Horrenbestez, urtarrileko Bilboko manifestazioa izango da Sarek antolatuko duen hurrengo hitzordu garrantzitsua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak