Mundukideren VII. lasterketa solidarioak familia osoarentzako jarduerak izango ditu

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 6a, 11:36

Aurreko edizioko lasterketa solidarioa (Argazkia: mundukide)

Lasterketa solidarioa urriaren 16an izango da, igande goizean, Urkuluko urtegian. Mundukidek Brasil, Kolonbia, Ekuador, Mozambike eta Etiopian zuzentzen dituen lankidetza programak indartzeko helburua izango du. Haur eta gaztetxoentzat lasterketa berriak izango ditu, nobedade gisa.

Mundukideren VII. lasterketa solidarioa urriaren 16an izango da, Aretxabaletako Urkulu urtegian. Ekitaldi berriak haur eta gazteentzako lasterketak ekarriko ditu, berrikuntza moduan. 10:00etan hasiko dira lasterketak, 2004 eta 2016 bitartean jaiotako gazteen lasterketaren estreinaldiarekin; eta 10:30ean, oinezko ibilaldiari eta martxa nordikoari emango zaie hasiera. Bukatzeko, 11:00etan izango da kooperatiben arteko taldeen lasterketa.

Izen emateak urriaren 11 baino lehen egin daitezke, www.mundukide.org webgunean, eta egun berean Otalorako prestakuntza-zentroaren aparkalekuan. Goiza alaitzeko, Markel DJ izango da eta UDA elkartearen kantinan pintxo goxoak eta edariak eskuratu ahal izango dira.

Mundukidek lanean jarraitzen du

Mundukideren esanetan, gatazka guztietan daude irabazleak eta galtzaileak, baina badirudi galtzaileak beti berberak direla. Arrakala soziala eta berdintasunik eza handitzen ari dira, eta jende askok bere buruari galdetzen dio zer egin ote litekeen horrenbeste eta hain handiak diren arriskuak ekiditeko.

Hori aldatzeko, Mundukidek bere ekarpen txikia egiten du horrenbeste arazoren konponbidean. Tanta bat beste batzuekin elkartuta korronte bihurtzea espero dute. Mozambiken, Etiopian, Brasilen, Kolonbian eta Ekuadorren egiten dute lan, haien programetan parte hartzen duten zuzeneko 17.100 pertsonari esker. 74.000 pertsonak baino gehiagok jaso dituzte lan horren onurak. 2021ean 8 milioi euro baino gehiago lortu zituzten, gizarte eraldaketa bultzatzeko, lan kooperatiboa garapenaren eragile gisa baliatuz. Horregatik, Mundukidek parte hartzera eta pausoa ematera animatzen du interesatuta dagoen edonor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak