Kameratoiaren 18. edizioko izen-emate epea zabalik dago

Zuriñe Urruela Santidrian 2022ko urr. 5a, 15:05

15. Kameratoia parte-hartzaileak

Urriaren 16ra arte egongo da irekita izena emateko aukera Kameratoiaren webgunean. Eta urriaren 21etik 23ra bitartean izango da, Lekeition, euskarazko ikus-entzunezko rallyaren aurtengo edizioa.

Paul Urkijo –Errementari eta Irati filmen zuzendaria– izango du gidari Euskaltzaleen Topaguneak eta 45. Euskal Zine Bilerak antolatutako 18. edizioak. Urkijok, Aitor Arregik eta Aitziber Garmendiak egin zuten moduan, parte hartzaileei doako gidoilaritza ikastaro txiki bat emango die rallya hasi aurretik. Eta Iban del Camporekin –Serendipia filmaren eta iazko Euskal Zine Bilerako film onenaren saria irabazi zuen zuzendaria– batera izango da lehiaketako epaimahaikideetako bat. 

Edizio guztietan bezala, 36 ordu izango dute partaideek antolakuntzak Paul Urkijoren ikastaroa ostean emandako gai baten inguruan film laburra egiteko; urriaren 21ean arratsaldean jakinaraziko dute, lehenengo Lekeition eta gero webgunean. 36 orduren ondoren, ikus-entzunezkoak entregatu beharko dituzte urriaren 23ko eguerdia baino lehen.

Antolakuntzak Lekeitiora gonbidatu ditu partaideak, asteburu-pasa. Horretarako, izena ematen duten lehen 20 partaideek doako gau-egonaldi bat izateko aukera izango dute. Lehentasuna bi gaueko egonaldia egiten dutenek izango dute, izen-emate ordenan.

Film labur hoberenak 800 euro irabaziko ditu eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketarako eta Laburbira zirkuiturako sailkatuko da. Bigarren hoberenak 350 euro jasoko ditu eta boto gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak