Oihana Kortazar bigarren eta Ainara Uribarri bosgarren izan dira Zumaiako Flysch Trail lasterketan

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 4a, 11:42
Oihana Kortazar eta Ainara Uribarri Zumaia Flysch Trail lasterketan. (Argazkia: baleike.eus)

Oihana Kortazar elgetarrak 1.43.44ko denbora egin zuen eta Ainara Uribarri oñatiarrak, berriz, 1.54.10ekoa 22,2 kilometro eta 850 metroko desnibela zuen ibilbide azkarrean. Lasterketa osteko sentsazioak partekatu dituzte biek.

Igandean jokatu zen XIII. Zumaia Flysch Trail maratoi erdia, 22,2 kilometro eta 850 metroko desnibel metatuarekin, eta munduko koparako puntuagarria. 611 pertsonak hartu zuten parte eta korrikalari atzerritarren partaidetza ere izan zen bertan. Gizonezkoetan Robert Loic frantziarra nagusitu zen eta emakumezkoetan, Lucy Wambui kenyarra.

Debagoiendarren kasuan, emakumezkoetan eman zuten maila bikaina. Batetik, Oihana Kortazar elgetarra bigarren sailkatu zen, 1.43.44ko denbora eginez, eta, bestetik, Ainara Uribarri oñatiarrak 1.54.10eko denborarekin bosgarren postua eskuratu zuen. Lasterketaren ostean bi korrikalarien adierazpenak jaso zituen Goienak.

Lasterketa bizkorra da Zumaiakoa

Biek esan dute Zumaiakoa normalean egiten dituztenekin alderatua lasterketa ezberdina dela, aldapa luzerik gabeko ibilbidearekin eta bizkorra. Oihana Kortazarrek aurretik bost aldiz irabazi du lasterketa, distantzia ezberdinetan, eta ibilbidea ondo ezagutzen du; aurtengo lasterketari buruz galdetuta, hau esan du: "Egia da aurretik lasterketa irabazitakoa naizela, baina edizio bakoitza desberdina da; aurreko urtean maratoi osoan hartu nuen parte eta bigarren egin nuen. Aurten, antolatzaileek maratoi erdia jarri dute eta espero nuena baino hobeto moldatu naiz. Batetik, ez nuelako espero aurreneko hiru postuetan ere egotea, kontuan hartuta beste lasterketa batzuetatik ezagutzen ditudan lehiakideak zirela eta oso maila ona dutela. Bestetik, oso ibilbide azkarra zelako niretzat, eta, orain urte batzuk ondo moldatzen nintzen ibilbidea izan arren, gaur egun nahiago ditut desnibel askoko ibilbide motelagoak. Hala ere, entrenamendu azkarragoak eginda eta esperantza ezin nuenez galdu, emaitza polita lortu dut".

Ainara Uribarri bosgarren sailkatuak ere ibilbidearen eta egindako lanaren inguruan jardun du: "Nire helburuetako bat zen lasterketa hau; munduko kopako azken lasterketa izanik, uda osoan entrenatzen ibili naiz eta lasterketa egunean ondo sentitu nintzen. Niretzat lasterketa azkarra zen, eta hobeto moldatzen naiz ibilbide teknikoagoetan, harri artean ibiltzen,  baina asfaltoan egin ditut entrenamendu asko eta ondo prestatuta nengoen".

Lasterketaren nondik norakoak galdetuta, Kortazarren hitzetan: "Lehenengo postua ezinezkoa zen, Lucy Wambui Mugiriren erritmoa oso gogorra zelako, baina bigarren postuagatik lehia polita izan nuen Camila Moglianorekin. Ni baino hobeto zebilen aldapa gora, korrika eta potentziarekin igotzeko aldapak zirelako, eta niri oinez igotzeko aldapa gogorrak gustatzen zaizkit, baina beheranzkoetan irabazi nion lasterketa. Aldapa gora harrapatzen niduen arren, ez ninduen atzean uzten, eta, azken ermitako igoeraren ostean, helmugaraino aldapa behera zen, eta horregatik lortu nuen bigarren postua". Ainarak ere lehia izan zuen laugarren postua lortzeko:  Entrenatzailearekin pentsatuta nituen denboretan ibili nintzen ordu eta 50-55 minutu inguruan ibiltzea espero genuen. Esperantza izan nuen laugarren egiteko, momentu baten pasatu egin nuen, eta, sei kilometro inguru aurretik egin ostean, hark pasatu ninduen, eta, amaierarako, indarra falta izan zitzaidan laugarren egiteko".

Hurrengo asteburuan lehiara bueltatuko dira biak

Ohiana Kortazarrek esan duenez, Angliruko asfaltoko igoera egingo du eta Ainara Uribarrik Gorbeia Suzien lasterketan hartuko du parte. Kortazarrek hau esan du hurrengo erronken inguruan: "Orain arte, mendi maratoiak eta lasterketa gogorrak egiten ibili naiz, Zumaiako lasterketa etxetik hurbil zelako egin nuen, eta batzuentzat munduko kopako finala zena nik beste lasterketa bat bezala hartu nuen. Hurrengo astean Anglirukoa egingo dut; asfaltoan ibiltzen nintzenean eginda dudan lasterketa da. Horregatik kuriositatea dut ea orduko denboretan ibili naitekeen gaur egun, baina Angliru egin ostean, etapa bidezko bi lasterketa garrantzitsu izango ditut". 

Uribarrik, berriz, Gorbeia Suzien Skyrunning munduko kopako finalean hartuko du parte: "Zumaiakoarekin batera nire denboraldiko helburuetako bat da Gorbeiako lasterketa, eta horrekin denboraldia bukatutzat emango dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak