Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguneko mobilizazioak, iruditan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 1a, 15:51

Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da gaur, eta, adineko pertsonek mobilizazioak egin dituzte Debagoieneko zenbait herritan. Besteak beste, adinekoenganako diskriminazioaren aurkako jarrera berretsi dute, eta baita gaur egun eskuartean dituzten askotariko erronken berri eman ere, betiere argi izanda gizartearen "parte aktibo bat" direla.

Duintasuna plataformak, San Joxepe elkarteak eta Nagusilan programak bultzatuta, Bergaran, Munibe plazan egin dute mobilizazioa, 12:00etan. Manifestu bat irakurri dute lehenbizi, eta "pertsona guztientzako izango den gizarte integratzailearen" aldeko aldarria egin dute, adinekoak ere "eragile sozial" izan daitezkeela nabarmenduta. Hala, eskaerak egin dituzte horretarako: "Zahartze aktiboa landu eta bultzatu nahi dugu, pentsio duinak eta publikoak defendatu, eta nahi ez den bakardadea desagerrarazi". Are, pentsio duin eta publikoak defendatzeko eskaria ere egin dute, eta, baita etxebizitza duin eta eskuragarriak izateko eskubidea bermatzekoa ere.

Bakardadearekin amaitzeko erronkak

ANAKO Arrasateko Nagusien Kontseiluak aste osoa darama ekintzak antolatzen urriaren 1ari begira, baina gaur da egun handia.

12:30ean ekin diote egitarauari, eta kontseiluko kideek hartu dute hitza. Adineko pertsonen bakardadean eta isolamenduan jarri dute arreta, eta azaldu dute horri aurre egiteko hainbat erronka izango dituztela aurrerantzean. Uste dute pertsona guztiek dutela oinarrizko zerbitzuak autonomiaz jasotzeko eskubidea, eta horretarako funtsezkotzat jotzen dute adineko guztiak ahalduntzea. Baina ez hori soilik: "Gure autonomiaren alde borrokatu eta lan egin behar da, inguruarekiko loturak ehundu behar dira, eta gure eskubide, betebehar eta askatasunak sustatu behar dira".

Ondoren, 13:00etan, Herriko Plazan, Puro Relajo taldearen kontzertua egon da. 19:00etan, berriz, Portaloian, Trio Medianocheren txanda izango da, eta, azkenik, Arbolapetan, The Song taldeak egingo du emanaldia, 20:30ean.

Antzuolako herriko plazan ere elkarretaratze bat egin dute, eta antolatzaileek jakinarazi dute 50 pertsona inguru batu direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak