Izena emateko epea zabalik dago Hazilan proiektuaren azken ediziorako

Zuriñe Urruela Santidrian 2022ko ira. 30a, 09:40

Hazilan proiektuko parte-hartzaileak 2018an

Hazilanen 13. edizioa azaroaren 4an hasiko da eta helburua da gazte kualifikatuen laneratzea erraztea. Dagoeneko 160 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Proiektua gradua edo goi-mailako heziketa bat bukatu berri dutenei edota lehenengo lan esperientzia bilatzen ari direnei zuzenduta dago. 

Parte hartzeko hainbat baldintza daude: 2o eta 44 urte bitartekoa izatea, goi-mailako ikasketak –lanbide heziketako goi-mailako ziklo bat edota unibertsitate ikasketak– amaituta izatea, langabezian egotea –ezinbestekoa ez den arren– eta Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea.

Zertan lagunduko du Hazilanek?

Hazilanek parte-hartzaileen gaitasunak identifikatu eta indartzen lagunduko die, eta lana lortzeko behar dituzten baliabideak emango dizkie –lantegi teoriko-praktiko baten bidez–. Ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egingo dituzte, eta horrek lan-esperientzia berriak biziarazi eta enplegurako sarbidea erraztuko die.

Antolatzaileak pozik daude lortutako emaitzekin; izan ere, 2021ean izandako bi edizioen arabera, parte-hartzaileen %90ek laneratzea lortu dute –bide desberdinetatik bada ere–. Beraz, ondorioztatu dute tailerrean landutako konpetentzia eta edukiek lan-bilaketarako baliagarriak zaizkien tresna eta baliabideak eskaintzen dizkietela.

Aurkezpen jardunaldia

Egitasmoaren berri emateko eta zalantzak argitzeko, aurkezpen saioa egingo da urriaren 4an, asteartean, 10:00etan, Debagoieneko Mankomunitatean, Udalaitz aretoan, Arrasaten. Bertaratzeko, aldez aurretik izena emateko formularioa betetzea beharrezkoa da.

Proiektuan parte hartu nahi izanez gero,  izena emateko eskaera-orria bete eta bertan zehazten den dokumentazioarekin batera Mankomunitatean aurkeztu beharko da urriaren 14a baino lehen.

Informazio gehiagorako, idatzi mezu bat hazilan@debagoiena.eus helbide elektronikora, deitu 943 79 30 90 telefono zenbakira edo jo Mankomunitatearen webgunera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak