Ikus-entzunezkoak "funtsezkoak" gazteek euskaraz jarduteko

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 28a, 16:48

Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak ezagutzeko ikerketa abiatu du UEMAk. Horretarako, LHko 4. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasleak elkarrizketatu dituzte; guztira, 11.600 inkesta bildu dira.

Zenbait ondorio atera dituzte UEMAko herrietako (Debagoienean: Antzuola, Bergara, Elgeta, Oñati eta Aramaio) gaztetxoen ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertuta. Iraitz Lazkano Elgetako alkate eta UEMAko lehendakariak jardun du hizkuntza-komunitate eta herri gisa dagoen erronkaren gainean.

Ikus-entzunezkoen panorama "asko" aldatu dela azpimarratu du Lazkanok, eta horrek gaiari "urgentziaz" heltzea eskatzen duela dio: "Begirada zabaltzea eskatzen digu. Abiada bizian aldatzen ari da hau, eta gaiari heldu behar diogu".

Edukiei lotuta, gaztetxoek fikzioa bilatzen dutela azaldu du, eta hortaz, "apustu sendoa" egin behar dela hortan: "Goazen! Telesaila da adibidea, lortzen baitu etxean euskaraz egiten ez duten gaztetxoengana ere iristea. Behar ditugu halako gehiago, hitz egin dezagun eskaintzari buruz ere".

Horri lotuta, EITBk eta RTVEk duten ardura azpimarratu du lehendakariak: "Gure udalerrietako milaka gaztetxok jotzen dute egunero RTVEra marrazki bizidunak ikustera, eta euskarak ez du batere presentziarik bertan".

Halere, telebistak baino bestelako plataformak ari dira indarra hartzen. "Urratsak egin dira azken hilabeteetan, baina pauso horiek areagotu eta sakondu egin behar dira (...) Zenbat gaztek dakite Netflixen jadanik badauzkatela euskarazko edukiak?", adierazi du.

Sare sozialei lotuta, Lazkanok nabarmendu du euskarazko "erreferente falta" dagoela: "Eguneroko hizkuntza euskara dutenek ere, sare sozialetan erderara jotzen dute, besteak beste, erdarazko eremutzat jotzen dituztelako sare sozialak".

Erreferente eta hizkuntza-politiken premian

Egoerari buelta emateko, "erreferenteak" behar direla azaldu du lehendakariak eta horretarako "euskal sortzaileen aldeko apustua" egin behar dela: "Eskaintza asko ugaritu da eta itsaso horren erdian proportzioan txikiago ageri da euskara".

Era berean, hizkuntza-politikan "sendotasun handiagoz" jardun behar dela azaldu du: "Pandemiak ageri-agerian harri digu ikus-entzunezkoek zer neurritan eragiten duten gure gaztetxoen hizkuntza-gaitasunean eta ohituretan, eta hainbat eremutan ari dira atzerapausoak sumatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak