Gidaren hitzaurrean zera adierazi dute egileek: "Talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta liburuzainentzat lagungarri izan nahi du". Horren ardura aurten haur eta gazte literaturarekin lotutako bederatzi erakundeetako hamalau lagunek izan dute –liburuzain, eskoletako irakasle eta Mondragon Unibertsitateko aditu batzuk, esaterako–.
Gidaren sarreran, egileek azaltzen dute haien lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili dituzten irizpideak: "Taldearen lan-teknika honetan datza: gaur eta gazte literaturaz 2021. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua, eta abar kontutan izanda baloratzen ditugu". Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen diete.
Jarritako adin orientagarriari buruz ere hitz egin dute: "Bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, eta abar sailkaezinak dira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa".
1990. urtean hasi zen proiektua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko arduradunen, Debagoieneko udal liburutegietako ordezkariekin eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin elkarlanean. 2001. urtetik aurrera sarean daude argitaratutako zenbakiak, eta, nahi izanez gero, 2021eko irakur gida edota irakur gidaren bilduma osoa –2001etik 2021era– deskargatu daitezke.